Néstor Basterretxea, euskal diseinu modernoaren bide-urratzailea

Néstor Basterretxea, euskal diseinu modernoaren bide-urratzailea

Hitzak: Peio Aguirre / Argazkiak: Basterretxea familia, Irungo udal artxiboa
FB
PN
X

Share 

Néstor Basterretxea (Bermeo, 1924-Hondarribia, 2014) arkitektoa izan zen lehen ofizioz. Baina laster, artista bihurtu zen, eta ikuspegi horretatik sartu zen sorkuntzaren hainbat lurraldetara: zinemara, diseinura, baita arkitekturara ere.

Diseinu industrialari dagokionez, Buenos Airesen egin zituen lehen urratsak, 1940ko hamarkada bukaeran, Huergo ikastetxean ikasi baitzuen, Suitzako Nestlé multinazionalarentzat ilustratzaile izan aurretik. Han ikasi zituen perspektibaren, delineazioaren eta proiekzioaren oinarriak, gero margolanetan eta eskulturan erabili zituenak. Diseinuaren logika hori da Basterretxearen arrasto berezi eta nahasezina, beti izpiritu espresionistarekin eta humanistarekin uztartu zuena.

1957an, Equipo 57 taldean sartu zen eta espazio-interaktibitatearen oinarriei buruz ikertu zuen. Jorge Oteizarekin batera, Juan Huarte industrialari eta mezenasaren Madrilgo etxebizitza apaindu zuen; eta, 1958an, H Muebles altzari moderno enpresa berriarentzat diseinatzen hasi zen. Bertan, beste hainbat diseinatzailerekin topo egin zuen; besteren artean, Gregorio Vicente Cortés Huarteren konfiantzako teknikari eta diseinatzailearekin.

Katalogoko lehen altzariak Basterretxeari diseinarazi zizkioten; aldi berean, 1958ko Bruselako Nazioarteko Erakusketaren Ramón Vázquez Molezún eta José Antonio Corrales arkitektoen Espainiako Pabiloirako altzariak ekoitzi zituzten. Basterretxeak H Muebles enpresarentzat sortutako altzariek metalezko egitura zuten, mekano hodi batzuekin lotua eta jarleku bigunei eusten ziena. Mahai apalak ere marraztu zituen, zurezkoak ala berinazkoak, zain metaliko asimetrikodunak. Bere altzari originalenetako baten lehen bertsioa H Muebles enpresarentzat diseinatu zuen: Diván H.

Nestor Basterretxea eta Jorge Oteiza Sabino Arana Fundazioaren maketarekin eta ‘Cubos abiertos, espacios interiores, retenciones de luz’ eskulturarekin, 1979. © J. García Koch / Jorge Oteiza museoaren artxiboa
Espiral altzarien iragarki-argazkia, 60 hamarkada. © Irungo udal artxiboa

Madrilgo esperientziaren eta arkitekto eta diseinatzaile askorekin izan zuen hurbileko harremanaren ondorioz —eta Oteizak erakatsi zion teoriari esker— Bauhaus eskolak sustatzen zuen arteen integrazioaren eredutik hurbildu zen. Altzariak, ingurunea, apainketa eta artea uztartzeko erabateko erraztasuna eta gustu ona zituen. 1950eko hamarkada bukaeran, Irungo etxe-tailer estreinatu berrian finkatu zenean, ohartu zen euskal etxeetan altzari modernorik (hau da, hodi edo zur biribildudunik) ez zegoela.

Beraz, industria eta adimena harremanetan jartzen hasi zen, eta horrela hasi zen etxeko giroaren modernizazioaren historia. Irunen, Aguirre dastaketa aretoaren interiorismoa bere gain hartu zuen, eta, 1961ean, Espiral izeneko Donostiako saltegi berrian sartu zen, bazkide. Denda horren helburua Espainiako estatuko altzariak eta altzari inportatuak saltzea zen, eta apainketa eta interiorismo proiektuetarako bulego gisa ere erabiltzen zuten. Espiralek bere altzari batzuk ere ekoitzi zituen, zur kontratxapatu kurbatuzkoak; adibidez, enberozko ala sipozko aulkia eta bere mahai osagarria, edota zurezko mahai txiki soil batzuk.

Espiral enpresak sortutako altzarietan, inspirazio nordikoak, soiltasunak eta Japoniako horizontaltasunaren zaletasunak bat egiten zuten. Etxeetan azken joeretako altzariak nahi zituen nornahirentzat, Espiral erreferentziazko gune bihurtu zen. Hiriko intelligentsia kultural eta intelektuala ere bertan elkartzen hasi zen. Espiralen ekoizpen berezienetako bat xake jokoa izan zen, fitxak atxikitzeko kutxaduna. Basterretxea lehenagoko ideiak berrinterpretatzen hasi zen; hala, Diván H dibanari prototipo berria sortu zion, eta berantago hirugarren bertsio bat, Biok-entzat. Obsesio horrek erakusten du artistak bere diseinuentzat zuen atxikimendua.

Divan H, Biok, 1965. © Irungo udal artxiboa
Xake-taula eta piezak, 1967. © Irungo udal artxiboa

“Bioken, bilakaera garbi bat izan zuten: aurretik ikusten zen soiltasuna utzi, eta forma organiko biribilagoak, beroagoak, pop-agoak bilatzen hasi ziren.”

Espiraleko irabaziek gora egin zuten; eta, aldi berean, Basterretxea Biok enpresan “modelo esklusiboen diseinatzaile” gisa lanean hasi zen. Irunen sortu berri zen enpresa txikiak altzariak ekoizten eta saltzen zituen, eta Basterretxea 1965ean bazkideetan sartu zen. Espiral eta Biok bi enpresa bereizi ziren, baina bazkide ber batzuk izateak lotzen zituen: bi enpresen arteko sorkuntza-haria diseinatzailea zen. Espiral Irunen diseinatzen eta ekoizten ziren altzarien lehen salmenta gune bihurtu zen.

Biok enpresan, Basterretxeak indar sortzailea osoki garatu zuen, teknikariekin eta langileekin lankidetza estuan. Eraikuntzarako, ebanisteria eta mihiztatze teknika konplexuak erabiltzen zituzten, eta Afrikako zurak era nobleagoan erabiltzen hasi ziren. Bioken, bilakaera garbi bat izan zuten: aurretik ikusten zen soiltasuna utzi, eta forma organiko biribilagoak, beroagoak, pop-agoak bilatzen hasi ziren. Hala, arrazionalismoaren soiltasun monotonotik ateratzen saiatu ziren, funtzionaltasuna eta erosotasuna uztartzen zituzten goi mailako altzariak sortzeko. Garai hartan, Domus eta Casabella Italiako aldizkariek iraultza domestikoa abiarazi zuten; aldizkari horiek, hain zuzen, Basterretxeak astero jasotzen zituen etxean.

Erreferentzia mundu horrek bertakotasunaren zaletasunarekin bat egin zuen. Biokeko altzariek kostaldeko herrien izenak dituzte: Orio, Zumaia, Getaria… Bermeo bulegoko mahai sendoak branka edo kai-muturra ekartzen du gogora, eta artistak zirkuluetatik eta zirkuluerdietatik abiatuz sortutako eskultura askoren antza du. Artistak translazio bat abiatu zuen, naturatik artera eta diseinu industrialera: kurbaren dinamismoa, handituz doan espirala, uhinen forma aldakorra… Garai horretan nabarmentzen dena Basterretxeak euskal nortasunaren eta kulturaren alde izan zuen konpromisoa da. Hain zuzen, Biok-eko aldi emankorrena Frankismoaren garaiko euskal kulturaren mugarri izan zen Ama Lur (1968) filmarekin batera gertatu zen.

Néstor Basterretxea, Julio Amóstegui eta Fernando Larruquert ‘Ama Lur’ pelikularen filmaketan, 1965. José Julián Bakedanoren bildumako argazkia

Oso denbora gutxian, Biok Europako diseinu feria garrantzitsuenetan agertzen hasi zen; esaterako, Koloniakoan. 1968an, Basterretxeak bere diseinu berezi eta pertsonalenaren bi aldaera diseinatu zituen. Kurpilla besaulkia Basterretxearen ideia estilistiko guztiak laburbiltzen dituen manifestu estetikoa izan zen. Altzari horrek kanp ukitua du: beso-euskarrietan sixties-etako diseinu onenen antzeko kontrakurba du. Urte berean, Biokek “BK sistema” merkaturatu zuen: etxerako eta bulegorako altzari modular bilduma.

Néstor Basterretxea Biok altzari-enpresako langileekin, Irun, 1960ko hamarkada. © Basterretxea familia

Gerora, Basterretxea hainbat prototipo aitzindariren maketa txikiak, argazkiak eta display-ak zirriborratzen hasi zen, begirada beti gerora emana. Hori izan zuen azken lekukotasuna diseinuaren munduan. Ekoizpen estandarizatuak artistari adierazmena oztopatu zion, eta Biok-etik urruntzen hasi zen.

Horrela bukatu zen diseinu industrialean izan zuen hamar bat urteko ibilbidea. Aldi hori nahikoa izan zen, hala ere, Nestor Basterretxea Espainiako estatuko diseinatzaile ohargarri eta euskal diseinu modernoaren bide-urratzaile bihurtzeko.

Palmadera: azalera txikietatik anbizio handietara

Palmadera: azalera txikietatik anbizio handietara

Hitzak: Nahia Zubeldia / Argazkiak: Mito
FB
PN
X

Share 

Palmadera enpresa 1962an sortu zen, Beran. Sortze beretik, Alemaniatik teknika berritzailea ekarri zuen: kontratxapatu moldatuzko objektuen fabrikazioa.

Produktuak erretxina fenolikoz bustitako pago xaflaz osatuak ziren, estu-estu konprimitzen zituen prentsaz elkarri itsatsiak. Enpresak berehala izan zuten arrakasta. Erabilitako ekaien sendotasuna eta balio-aniztasuna zirela eta, ezinbesteko bihurtu zen, eskoletan bezala ostalaritzan.

Etengabe hobetzen
1990eko hamarkadan, Palmaderak prozedurak modernizatu zituen, tarteko geruzetan Kraft papera sartuz eta akaberak hobetuz, bereziki haritzezko xaflaztatzea erabiliz. Haritza ederra bezain praktikoa denez, kontratxapatu hori luze gabe bihurtu zen saihestezin ostalaritzan. 2005ean, Zoocreative diseinu estudioarekin lankidetzan, Palmaderak erretilu bilduma berria sortu zuen, baita hainbat sari bereganatu ere. Horri esker, Starbucks, McDonald’s eta Zara Home bezain marka handiak erakarri zituen, erretilu pertsonalizatuen eske.

Arkitektura ikusmiran
Palmaderak garatutako konpresio teknologiak dimentsio berria hartu zuen 1992an, Sevillako Nazioarteko Erakusketan zurezko panelak pabilioietan ezarri zituztenean. Lorpen horrek Palmadera enpresa arkitekturaren mundura murgilarazi zuen, eta Parklex marka ahizpa sortu zioten, klima baldintza gogorrenei aurre egin ziezaieketen estalgarriak garatzeko.

Washingtongo unibertsitatea
Arkitektoa: Perkins+Will
Hall of Waterfront City – Chongqing
Arkitektoa: Shangai Tianhua
5 St Paul’s Square Liverpool
Arkitektoa: RHWL

“Egun, Palamderak eta Parklexek guztira 130 langile dituzte, eta mundu zabalean daude.”

Berrikuntza, arkitektoen mesedetan
Parklex panelak arkitektura proiektu zorrotzenetarako gai bihurtu ziren, eta arrazoiarekin: panel horiekin, fatxada aireztatuak, horma biribilduak, barandak, sabai aizunak eta parket ezin sendoagoak eraiki daitezke. Hain dira balio anitzekoak, non arkitektoei sormen ahalmena zabaltzen baitiete.

Itzal handiko obrak mundu zabalean
Parklex panel estratifikatuek hainbat eraikinetako hormak janzten dituzte:
• Guggenheim museoa, Frank Gehry, Bilbo.
• W Barcelona hotela, Ricardo Bofill.
• Silken Puerta América hotela, Madril, Jean Nouvel suiteetan.
• Rhône-Alpes eskualdearen egoitza, Christian de Portzamparc.

Nazioarteko hainbat proiektutan ere ikus daitezke:
• 5 St Paul’s Square, Liverpool.
• Washingtongo unibertsitatea, Seattle.
• Woodview Mews, Croydon.
• Hall of Waterfront City, Chongqing.
• Fast Lane Center, Tel Aviv.

Beti hazten
Egun, Palamderak eta Parklexek guztira 130 langile dituzte, eta mundu zabalean daude. Diseinu industrialean eta arkitekturan leku ederra berenganatu dute, tradizioa eta berrikuntza bateratuz.

Hemendik liburua: Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak

Loreak mendian gabardina: euskal loreak mundu zabalera

Loreak mendian gabardina: euskal loreak mundu zabalera

Hitzak: Nahia Zubeldia / Argazkiak: Loreak Mendian
FB
PN
X

Share 

1992an, Xabi Zirikiain donostiarra sorterrira itzuli zen, mekanikako ingeniaritza ikasketak bukatu eta urte sabatikoa Atlantikoan gaindi eta Indian iragan ondoren.

Esperientzia horiek gogoberoturik, gipuzkoar gaztea Loreak Mendian hitzak zeramatzaten nikiak diseinatzen hasi zen. 1995ean, Victor Serna lagunarekin, Donostiako portuan saltegitxo bat irekitzea erabaki zuen. Xabik jantziak marrazten zituen, eta Victorrek, berriz, saltzen. Haien markan, estilo hiritarra eta naturarekiko hurbiltasuna uztartu zituzten.

Donostiako portuko saltegi historikoa.

Mendian zein hirian nagusi
Euskal Herrian, laster bihurtu zen Loreak Mendian saihestezin. Euskal hiritar gazte guztiei ikusten zitzaizkien soinean lore handiz apaindutako jertse txanodunak; bai hegoaldean, bai iparraldean. Markak jantzi unisexak proposatzen zituen, uneko kultur edo jendarte gertakarietan inspiratuak. 2011n, enpresak hamabi saltoki eta hirurogei langile zituen.

Estilo mudantza
2015ean, Loreak Mendian markak norabidea aldatu zuen. Surfwear eta streetwear arteko estiloa utzi, eta bilduma sofistikatuagoak sortu zituen. Estiloa grafikoa eta dotorea bihurtu zen, baina jatorrizko balioei uko egin gabe: sormen ahalmena, lurraldeko sustraiak eta unibertsaltasuna zaintzen segitu zuen. Nonbait, marka helduarora iritsi zen; eta Ura gabardina bilakaera horren adierazle ezin hobea da.

“Kolore neutroetan ala elektrikoetan egindako gabardina markaren funtsezko produktu bihurtu zen”

Iturri zaharretik Ura gabardina
Euskal Herriko klima euritsuak inspiratu zuen Ura gabardina. Grafismo dotore eta minimalistako jantzia Britainiako kotoi txirikordatuzko ehun iragazgaitzezkoa da, eta urari sartzea eragotzi arren, ez ditu euritakoek izan ohi dituzten dirdira eta busti itxura. Kolore neutroetan ala elektrikoetan egindako gabardina markaren funtsezko produktu bihurtu zen, eta hala segitzen du orain ere.

Lau haizeetara
Gaur egun, Loreak Mendian markak nazioartean ere lekua egin du eta talde handiengana hurbildu da. Hala, 2019an, Ternuarekin bat egin zuen; azken hori kirol ehun eta ekipamenduetan berezitua da, eta mundu zabalean kontzientzia ekologikoa hedatzera ahalegintzen da. Loreak Mendian 50 herrialdetan dago orain, eta segitzen du erroetatik edanez adarrak luzatzen.

Hemendik liburua: Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak

Notox: lehen surf taula ekologikoak

Notox: Lehen surf taula ekologikoak

Hitzak: Naia Zubeldia / Argazkiak: Mito & Notox
FB
PN
X

Share 

Pierre Pomiers eta Benoît Rameix robotika enpresa batean lankide ziren, eta bereziki, surf zale amorratuak ziren.

Naturarekin egiazki dantzan
XXI. mende hasieran, surfaren aurpegi iluna argitara atera zen: naturaren bihotzean gertatu arren, ingurumenari kalte handia eragiten dio. Hala, 3 kg-ko taula egiteak 6 kg hondakin arriskutsu sortzen ditu, eta fabrikaziorako behar diren materialek batez beste 9 000 km-ko bidea egiten dute.

Pierre Pomiers eta Benoît Rameix robotika enpresa batean lankide ziren, eta bereziki, surf zale amorratuak ziren. Egoeraz ohartu zirenean, zerbait egin behar zela erabaki zuten.

Esan eta egin: 2006an, Angelun, Notox tailer berritzailea sortu zuten. Ahalegin guztiak egin zituzten ingurumena zaintzeko eta artisauen osasuna zaintzeko: zarata murriztu, airea tratatu, gai kutsakorrak iturritik xurgatu, azetonaren ordez disolbatzaile lurrunkorrak erabili eta hondakinak eta partikula finak bereizi.

Olatuetan aitzindari
2010ean, Notoxek liho zuntzezko lehen taula ekologikoa diseinatu zuen. Muinean, poliestireno birziklatua dakar, jatorri biologikoko epoxi erretxinaz estalia (%56 landare jatorrikoa). Hala, aztarna ekologiko txikiagoa du: materialak askoz hurbilagotik ekartzen dituzte (700 km) eta taula bakoitzak eragiten dituen 4 kg hondakinen %75 birziklatzen dira. Gainera, liho zuntzak taulari gaitasun bikainak bermatzen dizkio. Izan ere, oso arina izateaz gain, bibrazioak hobeto xurgatzen ditu..

Kortxozko taula baten leunketa

“Teknikotasuna, ardura ekologikoa eta neurrizko prezioak uztartuz, surfaren ikuspegi berri bat gorpuzten du Notoxek.”

Kortxoaren iraultza
2016an, hiru urtez ikertu ondoren, Notoxek surflari hasiberriak eta tartekoak ere bereganatu zituen, kortxozko taula bati esker. Materiala fidagarria da, kolpeei ongi aurre egiten die eta, irristagaitza denez, ez du argizari beharrik. Taula horrek ere arrakasta ederra izan zuen: egun, markaren ekoizpenaren %50 dagokio.

Handitzen, handitzen
Notoxen sorkuntzak azoka askotan agertzen dira; 2015ean, esaterako, Milango erakusketa unibertsalak nazioartean ikusgarritasun handia eman zion. Egun, enpresak salmenten %20 esportatzen du, eta Australian lizentziapeko tailer bat sortzeko asmoa du.
Teknikotasuna, ardura ekologikoa eta neurrizko prezioak uztartuz, surfaren ikuspegi berri bat gorpuzten du Notoxek. Zaletasuna eta ingurumenaren errespetua taula berean ezarri ditu surfean.

Hemendik liburua: Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak

B.Lux lanparak: Ideia argitsu eta anizkunak

B.Lux lanparak: Ideia argitsu eta anizkunak

Hitzak: Naia Zubeldia / Argazkiak: B.Lux
FB
PN
X

Share 

B.Lux argi enpresa Markinan sortu zen  1979an. Hastapenetik aitzindaria izan zen, testuinguru industrialean altzairugintza eta makina-tresnak baitziren nagusi.

Jatorritik beretik izan zuen jarrera berritzailea, eta tokiko fabrikazioa, diseinu paregabea eta nazioarterako soa uztartzeko gai izan zen. Betidanik, B.Lux enpresak bertako eta kalitatezko ekoizpenak izan ditu ardatz. Hamar urtean ekoizpena bikoiztu duen Gizaburuagako lantegian egiten dituzte moldatze, soldatze, pintatze eta muntaketa lanak.

Inguruetako herrietan kokatutako hainbat ekoizpen unitatek ere lanean parte hartzen dute, metalaren enbutizioa, bozelketa eta plastiko injekzioa eginez. Hala, enpresa asko eta askok ekoizpena Asiara deslokalizatzen zuten bitartean, B.lux ekoizpen osoa herrian gauzatzera tematu zen.

Guillermo Capdevilla Euskal Herriko lehen diseinatzaileetakoa, Bilboko DZ Diseinu zentroan, lankide talde batekin – 1985
Belux System bildumaren lehen katalogoaren azala – 1980

Estrategiaren muinean, diseinua
B.Luxen zutabeetako bat diseinua izan da beti. Hastapenetik, diseinatzaile bikainekin elkarlanean aritu da. 1980ko hamarkadan, Guillermo Capdevilla, Euskal Herriko diseinu industrialeko aitzindariak zabaldu zuen bidea, B.Lux-en nortasuna luzerako markatuko zuten sorkuntza berritzaileekin.

Diseinuko beste itzal handiko izen batzuk etorri ziren gibeletik; besteak beste, Jorge Pensi, Miguel Ángel Ciganda edota, berrikiago, David Abad, Stone Designs eta Tim Brauns. Horiek guziek, enpresaren babesarekin, argi intenporalak sortu zituzten, eta nazioarteko hainbat sari jaso.

Arkitektura eta kanporako proiektuak
2001etik, B.Lux enpresak arkitektura proiektu handietako argiztapen sistemak garatzen ditu, Frank O. Gehry, Patxi Mangado edota Dominique Perraultekin batera, besteak beste. Aldi berean, kanpoko argiztapenerako modeloak ere proposatzen ditu; horietako batzuek, Jon Santacoloma Kanpazar lanparak, adibidez, nazioarteko diseinu sariak jaso dituzte.

Guillermo Capdevillak 1979an diseinatutako Belux system bilduma 2019an berrargitaratua izan zen.
Aspen bilduma (Werner Aisslinger): Bi pantailako lanparak, partez argi zuzena baina zabal eta dotorea sortzen dutenak.
Belux system (Guillermo Capdevilla, 1979): lanpa artikulatu bilduma, denboran zehar zaharkitu ez eta 2019an berrargitaratu zena.

“Egun, B.Lux mundu zabaleko berrogeita hamar herrialde ingurura hedatu da”

Nazioartean erreferentzia
Egun, B.Lux mundu zabaleko berrogeita hamar herrialde ingurura hedatu da, baitaki bertako trebeziak eta munduko merkatua uztartzen. Euskal trebezia industrialak eta bertako eta mundu zabaleko diseinatzaile bikainak bateratuz, familia enpresa zena diseinuko argien alorreko erreferentzia bilakatu da.

Hemendik liburua: Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak

Sancheski, europako lehen skate-a

Sancheski, europalo lehen skate-a

Hitzak: Naia Zubeldia / Argazkiak: Mito
FB
PN
X

Share 

Sancheski euskal gurpildun taulatxoak ez du Atlantikoaz beste aldeko lagunen jelos izaterik. Familia irundar baten eskutik, irristatze kirolen uhina hiriraino ekarri zuen.

1964an, surf taulak Euskal Herriko kostaldeko hondartzetan asko zabaltzen ari zirela, beste taula mota bat iritsi zen Biarritzeko aireportura. Roll-surf edo espaloietan surfatzeko taula Kaliforniatik etorri zen, eskualdeko hiri guneak ezagutzera. Zaleei uhinik gabeko egunetan ere irristatzeko aukera eman zien. Iraultzatxo bat bidean zen.

Elurretik asfaltora
Gertakariak irungo familia bati berehala piztu zion arreta. Sancheztarrek eski eta kirol ekipamendu enpresa zuten, 1934tik, eta gero eta gehiago kostatzen ari zitzaien produktuak saltzea, Frantziako eta Austriako marken lehia zela-eta. 1966an, aitak jarduera aniztea erabaki zuen. Sancheskik tresnak egokitu zituen, malda elurtuetatik at hiriko patarretan behera ere lerra zitezkeen taulak diseinatzeko.

Baina jarduera berria sustatu beharra zegoen, Europan hastapenetan baizik ez baitzen. Sanchez anaiek Sancheski Team sortu zuten eta Espainian eta Frantzian barna ibili ziren, ikastetxeetan eta hartu nahi zituzten beste hainbat egituratan skate erakustaldiak proposatzen.

Europan aitzindari
Europako lehen irristailu marka sortu zen. Skateboard modelo guztiak gai berez eginak ziren: zur trinkozko oinarri bati ardatz bat eta patin gurpilak itsasten zizkioten. Gerora, kontratxapatu arkutuzko eta beira-zuntzezko taulak iritsi ziren, baita polietilenozkoak ere, “top naranja” modeloa kasu. Modelo hori laster erreferentzia bihurtu zen, 1970eko hamarkadan, izena aldatu eta El Sancheski deitzeraino.

Sancheski team, skate erakustaldi batean – 1978

“Kontinenteko lehen skateparkea Donibane Lohizunen eraiki zuten, 1977an.”

Fama ziztu bizian gora
Berandu gabe, taulari hobekuntza teknikoak gehitu zizkioten; adibidez, 1973an, uretanozko gurpilak. Benetako iraultza izan zen. Iraunkorragoa izateaz gain, bideari hobe eusten zion; horri esker, skate fenomenoak bat-batean gora egin zuen, eta nazioarteko bihurtu zen. Euskal Herritik Europa osora zabaldu zen lehenik. Kontinenteko lehen skateparkea Donibane Lohizuneko Erromardie auzoan eraiki zuten, 1977an. Ondotik, Getxon, Gernikan eta beste herri askotan ere eraiki zituzten, skate zaleak erakartzeko.

Sancheski tokiko beste marka askoren inspirazio iturri izan da. Eta sancheztarren belaunaldi berriari esker, enpresak beti taula hobeak eta berritzaileagoak sortzen ditu. Azken sorkuntza surf-skatea da. Markaren berrogeita hamargarren urteurrenaren karietara aurkeztu zuten, 2016an. Ardatz malguagoa duenez, horren gainean, surfean egiten diren figuren antzekoak hirian egin daitezke. Sancheztarrentzat, beraz, badirudi itsasoko urak ez direla handiegiak.

Hemendik liburua: Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak

Fournier kartak: hordago eta kanta

Fournier kartak: hordago eta kanta

Hitzak: Naia Zubeldia / Argazkiak: Mito
FB
PN
X

Share 

Lehen Mus partidak Gizpukoaren bihotzean iragan ziren. Euskal pokerrari XVIII. mendeaz geroztik egiten zaio erreferentzia.

Larramendi aitak, adibidez, honela idatzi zuen 1756an, Corografía o descripción general de la muy noble y leal Provincia de Guipúzcoa liburuan : “Mus. Horrela deitzen diote karta-joko oso jostagarri eta euskaldun-euskaldunari”. Partidetan erabiltzen diren hitzak ez dira ordutik aldatu, eta euskarazkoak dira denak: hordago, enbido, eduki eta abar.

Heraclio Fournier (1849-1916)
Gasteizko Fournier fabrika, XIX. mende bukaeran

Heraclio Fournier : kartetan errege
Heraclio Fournier inprimatzaile frantses familia batekoa zen. 19 urterekin, 1870ean, Gasteizen litografia tailerra zabaltzea erabaki zuen. Zazpi urte geroago, Diaz de Olano margolariari eta hiriko arte eskolako irakasleari Vitoria jokorako marrazkiak egin zitzaten eskatu zien. Oharkabean, Fournierrek “baraja española” ere esaten zaion grafismo harrigarriko karta-jokoaren oinarria sortu zuen.

40 kartako jokoa Mus jokalariek berehala berenganatu zuen. Grafismo zainduko kartak herri tradizioari hertsiki lotu zitzaizkion. 1889an, Parisko Erakusketa Unibertsalean saritu zuten.

Mus partida – Ramiro Arrue (1892-1971) – Baionako Euskal Museoa

Munduko lau haizeetara
Fournier karten arrakasta ez zen Musera mugatu. Marka etengabe hazi zen, eta aniztu, merkatu berriak bereganatzeraino. 1986an, Naipes Heraclio Fournier SA eta The United States Playing Card Company enpresek bat egin zuten, eta joko karten merkatuko munduko lider bilakatu.

Fournier enpresaren logotipo zaharra, bere lantegiarekin Gasteizen.

“Nazioartean hedatuta ere, Fournierrek erroak ez zituen saldu.”

Orain ere, kartak Araban ekoizten dituzte, eta mundu osoko kasinoak elikatzen. Euskal diasporari esker, mundu zabaleko Mus txapelketetan ibiltzen dira dantzan, Buenos Airestik Vancouverrera eta Sydneyra.

Fournier kartak trebezia paregabe baten ikur dira. Mendetako tradizioa iraunarazten dute eta, aldi berean, munduko merkatuari egokitzen dakite. Partida aspaldi hasi bazen, ez da bukatzekotan, ezta gutiagorik ere.

Hemendik liburua: Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak