Verde Prato, asaldatzaile goxoa

Verde Prato, asaldatzaile goxoa

Hitzak: Manuela Estel / Argazki ta bideoak: Verde Prato
FB
PN
X

Share 

Verde Prato proiektuarekin, Ana Arsuagak musika-mundu berezi eta sailkaezina eraiki du, baita Europa osoan gaindi ibilarazi ere.

2019ko arrats batez, Bilbon, Ana Arsuaga taula gainerako izen baten bila zebilen, presaka. Lehen aldiz bakarka jotzea onartu berri zuen, musika esperimental kontzertu baterako. Baina ez zuen egiazko izena erabili nahi. “Ez nuen nire lagun guztiak agertzerik nahi”, kontatu du. Beraz, izen lausoa nahi zuen, artistaz ezer salatzen ez duena: neska ala mutil, bakarlari ala talde izan zitekeena.

Orduan, irudi bat etorri zitzaion gogora. Tolosan, gurasoen etxeko paretan, betidanik, kartel zahar bat zegoen. Txikia zenean amak sortutako Verde Prato izeneko antzezlanarena zen. Gehiago pentsatu gabe, Anak ezizena hautatu zuen, eta ziztu bizian hasi zen hiru kantu sortzen.

Sei urte geroago, gaualdi horretarako inprobisatutako “Neskaren Kanta” kantua kasik 2 milioi entzunaldira iritsi da Spotifyn. Eta “Verde Prato” izena Europa osoko kontzertu areto eta jaialdietan agertzen da.

Hori da, hain zuzen, Verde Pratoren paradoxa: diskreziotik sortutako musika, baina ahots ahantzi ezin batek eramana. Proiektu parerik gabea, intimoan errotua bezain unibertsala.

Bide sailkaezina

Verde Pratoren musika estiloa definitzea ehun puntuko galdera da. Hark ere ez daki seguru; duda-mudan ibili ondotik, irribarre batean, honela laburbildu du: eklektikoa. Nola ez? Ana Arsuaga eklektikotasunean hazi baitzen.

Ama antzerki irakaslea zuen. Aita, etxe margolaria. Azken horrek eman zion liburuen eta musikaren zaletasuna. Izeba pianistek, aldiz, gazte-gazte eraman zuten teklatura. Arsuagatarrenean, artearen mila koloreak beti eta denetan daude.

Haurtzaroan, jada, Ana aparte sentitzen zen. Liburuak irensten zituen, filmak jatorrizko bertsioan nahiago zituen eta lagunen gustuetatik gero eta urrunago zegoen. “Tolosa txikia da. Erraza da ohiz kanpokoa izatea. Niri joateko gogoa eman zidan, beste zerbait ikustekoa.” Artea aterpe bihurtu zitzaion lehenik; eta, laster, bide.

Batxilergotik landa, Bilboko arte ederretan sartu zen; bi lagunekin, Serpiente hirukote libre eta zaratatsua sortu zuen. “Asko gozatzen genuen musika sortzen, emaitza bost axola zitzaigun.” Taldeak post-punkaren bertsio oso berezia esperimentatu zuen, Jayne Casey, Cate Le Bon eta Siouxie and the Banshees inspirazio iturri hartuta. “Neska taldea izateak dena aldatzen zuen. Espektatibarik ez. Helburu berezirik ez. Sortzeko gogoa soilik.”

Serpiente taldearen kontzertu batean ikusi zuen Jon Mantxi artistak, eta bakarka jotzera gonbidatu zuen. Horrela sortu zen Verde Prato. Gau hartan jo zituen hiru kantuekin, jada, mundu berezi eta anitzaren oinarriak jarri zituen: “Neskaren Kanta” erregetoi espektrala, “Mutilaren Kanta”, arao xarmagarria, eta “Galtzaundi”, elektro minimalistaren filtrotik pasatutako kantu herrikoia.

Jotzeko gonbidapenak berehala etorri zitzaizkion, eta nasaiki sortzen hasi zen. Kontzertuak etengabe eman zituen eta, ia oharkabean, Ana Arsuagak Verde Prato (eta euskara!) Tolosatik Pragara, Azoreetatik Londresera eraman zituen.

“Amak gero kontatu zion Verde Prato Giambattista Basileren ipuin baten izena zela. Istorio horretan, printzesak printzea salbatzen du.”

Taula gainean, obra oso eta aldarrikatzailea

Amak gero kontatu zion Verde Prato Giambattista Basileren ipuin baten izena zela. Istorio horretan, printzesak printzea salbatzen du. Ezin egokiagoa, hasiera beretik bere bide berezia marraztu zuen Anarentzat. Haren proposamen erradikalak bertsolarien, kantu liturgikoen eta performance garaikidearen urak nahasten ditu.

Hasi zen garaian, uhin artistiko berri batek Euskal Herria astintzen zuen jada, eta iturri horretatik ere asko edan zuen. Anak Mursego aipatu du, bereziki: “Biolontxeloa jotzen zuen, bukleak egiten zituen, elektronika gehitzen zien… Oso indartsua zen, berritzailea, markatu ninduen.” Anaren hirukotean, Serpiente taldean, dena zilegi zen. Beraz, zergatik ez sakondu esperimentazio gogo hori? “Pentsatu nuen: erregetoia egiteko gogoa badut, egingo dut. Flamenkoa gustatzen bazait, kantu batean sartuko dut.”

Verde Pratoren hari gorria minimalismoan datza. Eszenatokira bakarrik igotzen da, apainkeriarik ez laguntzailerik gabe, eta presentzia magnetikoa inposatzen du. Teklatu bat, looper bat, eta ahotz biluzi bat, muturreko espazioekin jolasean. Kasik ezer ez, eta, aldi berean, mundu oso bat.

Sormena berezkoa du, ia organikoa. Baina ez du ezer zoriaren esku uzten; ezta jantziak ere. Anak lagun moda-diseinatzaile batekin egiten du lan, silueta harrigarriak sortzeko. “Ez dut nahi kantuz ari den neska bat soilik agertzea. Jendeak proiektu oso bat sentitzea nahi dut. Zerbait teatrala, estetikoa. Ia plastikoa.”

Aldarrikapen politiko feminista ere eramaten du taula gainera. “Emakumea naiz eta bakarrik konposatzen dut, bakarrik igotzen naiz eszenatokira. Ikusle gisa, nik ere hori ikusteko gogoa nuen.” Euskararen aukera ez zen hain pentsatua izan hasieran. Normala zitzaion bere ama hizkuntzan idaztea. “Baina Europa osoan jendea nire hizkuntzan dantzan ikustea benetako ametsa da! Orain, aukera horrek garrantzi handia du niretzat.”

Goxotasuna aldarri

Verde Pratok “Bizitza Eztia” azken diskoa Erroman grabatu du, elektronika minimalistaren figura den Donato Dozzy ekoizlearekin. Italiaren itzalean, bere esperientzietatik abiatu da, dolce vitaren ideia berezia esploratzera.

“Baina goxotasun hori denentzako izan behar da. Bestela, ez da benetako dolce vita.” Izan ere, soinu elektroniko finen atzean, gai sendoak azaleratzen dira: mundu inklusiboagoaren beharra, askatasuna, feminismoa, emakumeen gaineko presio soziala.

Azken diskoa erabat bat dator Ana Arsuagak bere burua definitzeko azkenean aurkitu dituen hiru hitzekin: “Neska. Goxoa. Erradikala.”

Iñurri txikien indar handia

Iñurri txikien indar handia

Hitzak: Manuela Estel / Argazkiak: Andoni Beristain
FB
PN
X

Share 

Miren Cuerdo eta Julene Illarramendik Iñurri sortu dute, minbizia duten emakumeak taburik gabe laguntzeko. Planteamendu feministari esker, elkartearen famak laster gainditu du Gipuzkoa.

Usurbilgo egoitza argitsuan, Zumetaren kolore guztietako freskoaren aurrean, Miren eta Julene, Iñurriren sortzaileak, Madrilen lagun artean pasatu zuten asteburuko argazkiak errepasatzen ari dira. Irriak, pintxoak, Retiroko ibilaldiak… Alaitasun une sinpleak. Berezitasun batekin, hala ere: 22 urteko Leireren azken asteburua izan zen, minbizidun paziente terminala baitzen. Argazki guztietan barrez agertzen da. Ordu batzuk geroago zendu zen, hoteleko logelan, amaren eta lagun bihurtu zitzaizkion iñurrien ondoan.

“Heriotza ederra izan badaiteke, hala izan zen”, kontatu du Mirenek. Haren atzean, elkartearen kamisetetan, zentzu handiko leloa irakur daiteke: Hil arte, bizi. Horixe da Iñurriren eginkizuna: gaixo dauden emakumeak laguntzea haien burua lehenesten, agindu sozialak ahanzten eta nahi duten bezala bizitzen. Iñurri-ostiko feministak, bazterrak nahasten.

Nola sortu zen Iñurri?

Ama minbiziarekin hil zitzaidan, duela zortzi urte. 10 urtez gaixo egon zen. Ez zuen ileorderik jantzi nahi izan, bularra erakusten zuen eta gaixo ziren beste emakumeak laguntzen zituen. Hil zenean, zerbait egiteko beharra sentitu nuen, baina ez nekien zer ez nola egin.

Instagram orri bat sortu nuen, eta Mirenek idatzi zidan. Taberna batean elkartu ginen, Mirenek diseinu bat sortu zuen, eta kamisetak atera genituen. Segituan izan zuten arrakasta, eta minbizia zuten emakume asko gurekin harremanetan jarri ziren.

Askotan esaten da jendearen ahoetan bizirik diraugun bitartean, ez garela hiltzen. Hori da Iñurriren planteamendua: lehen, nire ama zegoen, haren iñurri tatuajearekin; orain, iñurri pila bat gara.

Zertan da zuen planteamendua berezia?

Hasiera batean, guregana etorri ziren emakume horiek entzun genituen; besterik gabe, entzun. Askatzailea izan zitzaien erruki astun hori gabe entzunak izatea, pertsonak bezala tratatuak izatea, eta ez paziente gisa.

Egun batez, gutako batek esan zigun gaixotasunaz hitz egiteko gure modua feminista zela. Gu ez ginen konturatu ere egin, baina hala zen. Iñurri feminista baino ezin zen izan. Horrek gaitu berezi egiten.

 

Zein desberdinkeria bizi dituzte emakumeek medikuntza zainketan?

Lagundu genuen lehen emakumeetako bat 29 urteko katalana zen. Ia urtebete behar izan zuten minbizia diagnostikatzeko… Bere bularrak gehiegi ukitzen zituela esaten zioten!

Egiazko desoreka dago: gizonak min batez kexatzen direnean, beti sinesten dira. Emakumeei, aldiz, beti esaten zaie estresa, antsietatea ala histeria dela! Laster ulertu genuen egoera hori aldatu beharra zegoela.

Eta diagnostikatu ondoren?

Presio estetikoa izugarria da. Esaten dizuten lehen gauza da ileordea eta protesiak non erosi, mikro-pigmentazioa non egin. Baliagarria izan daiteke, noski, baina ez da nahikoa.

Sexualitatea trabatzen dien menopausia goiztiarra bizi duten emakume gazteei inork ez die ezer erantzuten. Dohainikako zerbitzu publikoa izan beharko litzateke. Minbizia duzuenean, osa zaitezke, ala ez, hori egia da. Baina bitartean, bizitzea merezi duzu, ezta?

Eta bizi pertsonalean, minbiziak nola eragiten die emakumeei?

Cancer aldizkarian 2017an argitaratutako ikerketa baten arabera, gaixo diren emakumeen % 20,8 azkenean abandonatu egiten dira. Gizonak gaixotzen direnean, aldiz, emaztearekin konta dezakete. Gaixo diren emakumeek segitzen dute besteez arduratzen; gizonek, aldiz, ihes egiten dute. Denak zaintzen ditugu, gu geu salbu; bada garaia horrekin bukatzeko.

Dragón Cáncer zure podcastean, Olatz Mercaderrek kontatu du igerilekuko dutxetan neskatxa batek begiak bular operatutik ezin zizkiola kendu. Amak esaten zion gelditzeko, baina Olatzek neskatxari esan zion bururatzen zitzaizkion galdera guztiak egiteko. Momentu horrek argi erakusten du emakumeen gorputzetan eta gaixotasunean dauden tabuak apurtzea beharrezkoa dela, ezta?

Horrek erakusten du eremu publikoan ez dela inoiz bular operaturik ikusten! Oso garrantzitsua da Olatz bezalako pertsonak izatea, emantzipatuak eta gorputzarekin eroso sentitzen direnak. “Orbaina daukat, ez dut gehiago bularrik, eta zer?” Eta jendeak galdetzen dionean: “Nola egingo duzu udan, soinekoekin?”, erantzuten du: “Zer bada, soinekoak korrika ihes egingo al du?”
Hezkuntzan lan handia dago egiteko, eta ez bakarrik haurrekin, baizik eta denekin. Horrela sortu zen egutegien ideia.

“Iñurriek aktibo sentitzea maite dute: laguntzen ditugu, baina gero haiek beste emakume batzuk laguntzen dituzte, haien iraultzatxoa egiten dute.”

Nola laguntzen dute egutegiek eta zuen lanak, oro har, gorputzaz berriz jabetzen?

Bular bat kendu behar dela esaten dizutenean, proposatzen dizuten lehen gauza da berreraikitzeko hitzordua hartzea. Eta ezezkoa ematen dutenek, gehienetan, kanpoko protesia ezartzen dute. Helburua beti bera da: ezkutatzea.

Askok uste dute bular bat berregitean, lehen bezalakoa dela, titiburuarekin, hasierako itxurarekin. Baina egia bestelakoa da. Eta ikerketa batzuek erakusten dute protesiek berriz gaixotzeko arriskua areagotzen dutela. Hobeto sentitzeko berreraikitzea erabakitzen duten emakumeak ulertzen ditugu, noski. Salatzen duguna da ez zaizkiela aukera guztiak aipatzen, ezta bakoitzaren ondorioak ere. Guk, emakumeei boterea eman nahi diegu. Kemen handia behar delako zaurgarrien zauden momentuan ezetz esateko…

Osasun sistemak ematen ez duen zer proposatzen duzue zuek?

Helburua da sare bat sortzea. Lehen harremana gurekin egiten da, baina gero emakumeak gauza bera bizi izan dutenekin harremanetan jartzen ditugu. Gauza berak bizi ditugunean, hobeto ulertzen dugu elkar. Tribu handi bat gara: 220 emakume (eta gizon bat!).

Talde terapiak ere martxan jarri ditugu, psikologo batekin. Helburua da tratamenduaren ondoko aldian laguntzea. Izan ere, momentu horretan, badirudi zoriontsu izan beharko zenukeela, baina gaizki sentitzen zara: beldurra, gorputz aldaketa… Hori inork ez du aipatzen.

Zergatik da kolektiboa hain garrantzitsua?

Iñurriek aktibo sentitzea maite dute: laguntzen ditugu, baina gero haiek beste emakume batzuk laguntzen dituzte, eta haien iraultzatxoa egiten dute. Elkartearen lehen proiektuak haien ekimenez abiatu ziren!

Minbizia duzunean, badirudi fabrika batera sartzen zarela: zinta garraiatzaile batean jartzen zaituzte, eta hor zoaz aurrera, kimiotik erradiora, objektua bezala erabilia. Gurekin, ez zara zenbaki bat. Paziente aktiboa zara, baduzu zereginik.

Iñurriren espiritua adierazten duen momentu bat kontatuko diguzu?

Erretiro batean, emakume nahiko lotsati bat lepo altuko jertse batekin etorri zen. Kanpoko protesia beti soinean zuen, min egiten zion arren (azalean oinatza zuen). Bigarren egunean, argazki saio bat antolatu genuen. Bakoitza nahi zuen bezala ager zitekeen. Hura gorputz-enborra biluztuta jarri zen, aske. Momentu horietan, sentitzen duzu balio handiko zerbait egin duzula.

Diagnostikoa izan berri duen norbaiti zer esango zenioke?

Hor gaudela. Tribu bat daukazunean, dena errazagoa da. Kaka hor dago, baina elkarrekin, kaka ez da hain kaka zaharra.

Néstor Basterretxea, euskal diseinu modernoaren bide-urratzailea

Néstor Basterretxea, euskal diseinu modernoaren bide-urratzailea

Hitzak: Peio Aguirre / Argazkiak: Basterretxea familia, Irungo udal artxiboa
FB
PN
X

Share 

Néstor Basterretxea (Bermeo, 1924-Hondarribia, 2014) arkitektoa izan zen lehen ofizioz. Baina laster, artista bihurtu zen, eta ikuspegi horretatik sartu zen sorkuntzaren hainbat lurraldetara: zinemara, diseinura, baita arkitekturara ere.

Diseinu industrialari dagokionez, Buenos Airesen egin zituen lehen urratsak, 1940ko hamarkada bukaeran, Huergo ikastetxean ikasi baitzuen, Suitzako Nestlé multinazionalarentzat ilustratzaile izan aurretik. Han ikasi zituen perspektibaren, delineazioaren eta proiekzioaren oinarriak, gero margolanetan eta eskulturan erabili zituenak. Diseinuaren logika hori da Basterretxearen arrasto berezi eta nahasezina, beti izpiritu espresionistarekin eta humanistarekin uztartu zuena.

1957an, Equipo 57 taldean sartu zen eta espazio-interaktibitatearen oinarriei buruz ikertu zuen. Jorge Oteizarekin batera, Juan Huarte industrialari eta mezenasaren Madrilgo etxebizitza apaindu zuen; eta, 1958an, H Muebles altzari moderno enpresa berriarentzat diseinatzen hasi zen. Bertan, beste hainbat diseinatzailerekin topo egin zuen; besteren artean, Gregorio Vicente Cortés Huarteren konfiantzako teknikari eta diseinatzailearekin.

Katalogoko lehen altzariak Basterretxeari diseinarazi zizkioten; aldi berean, 1958ko Bruselako Nazioarteko Erakusketaren Ramón Vázquez Molezún eta José Antonio Corrales arkitektoen Espainiako Pabiloirako altzariak ekoitzi zituzten. Basterretxeak H Muebles enpresarentzat sortutako altzariek metalezko egitura zuten, mekano hodi batzuekin lotua eta jarleku bigunei eusten ziena. Mahai apalak ere marraztu zituen, zurezkoak ala berinazkoak, zain metaliko asimetrikodunak. Bere altzari originalenetako baten lehen bertsioa H Muebles enpresarentzat diseinatu zuen: Diván H.

Nestor Basterretxea eta Jorge Oteiza Sabino Arana Fundazioaren maketarekin eta ‘Cubos abiertos, espacios interiores, retenciones de luz’ eskulturarekin, 1979. © J. García Koch / Jorge Oteiza museoaren artxiboa
Espiral altzarien iragarki-argazkia, 60 hamarkada. © Irungo udal artxiboa

Madrilgo esperientziaren eta arkitekto eta diseinatzaile askorekin izan zuen hurbileko harremanaren ondorioz —eta Oteizak erakatsi zion teoriari esker— Bauhaus eskolak sustatzen zuen arteen integrazioaren eredutik hurbildu zen. Altzariak, ingurunea, apainketa eta artea uztartzeko erabateko erraztasuna eta gustu ona zituen. 1950eko hamarkada bukaeran, Irungo etxe-tailer estreinatu berrian finkatu zenean, ohartu zen euskal etxeetan altzari modernorik (hau da, hodi edo zur biribildudunik) ez zegoela.

Beraz, industria eta adimena harremanetan jartzen hasi zen, eta horrela hasi zen etxeko giroaren modernizazioaren historia. Irunen, Aguirre dastaketa aretoaren interiorismoa bere gain hartu zuen, eta, 1961ean, Espiral izeneko Donostiako saltegi berrian sartu zen, bazkide. Denda horren helburua Espainiako estatuko altzariak eta altzari inportatuak saltzea zen, eta apainketa eta interiorismo proiektuetarako bulego gisa ere erabiltzen zuten. Espiralek bere altzari batzuk ere ekoitzi zituen, zur kontratxapatu kurbatuzkoak; adibidez, enberozko ala sipozko aulkia eta bere mahai osagarria, edota zurezko mahai txiki soil batzuk.

Espiral enpresak sortutako altzarietan, inspirazio nordikoak, soiltasunak eta Japoniako horizontaltasunaren zaletasunak bat egiten zuten. Etxeetan azken joeretako altzariak nahi zituen nornahirentzat, Espiral erreferentziazko gune bihurtu zen. Hiriko intelligentsia kultural eta intelektuala ere bertan elkartzen hasi zen. Espiralen ekoizpen berezienetako bat xake jokoa izan zen, fitxak atxikitzeko kutxaduna. Basterretxea lehenagoko ideiak berrinterpretatzen hasi zen; hala, Diván H dibanari prototipo berria sortu zion, eta berantago hirugarren bertsio bat, Biok-entzat. Obsesio horrek erakusten du artistak bere diseinuentzat zuen atxikimendua.

Divan H, Biok, 1965. © Irungo udal artxiboa
Xake-taula eta piezak, 1967. © Irungo udal artxiboa

“Bioken, bilakaera garbi bat izan zuten: aurretik ikusten zen soiltasuna utzi, eta forma organiko biribilagoak, beroagoak, pop-agoak bilatzen hasi ziren.”

Espiraleko irabaziek gora egin zuten; eta, aldi berean, Basterretxea Biok enpresan “modelo esklusiboen diseinatzaile” gisa lanean hasi zen. Irunen sortu berri zen enpresa txikiak altzariak ekoizten eta saltzen zituen, eta Basterretxea 1965ean bazkideetan sartu zen. Espiral eta Biok bi enpresa bereizi ziren, baina bazkide ber batzuk izateak lotzen zituen: bi enpresen arteko sorkuntza-haria diseinatzailea zen. Espiral Irunen diseinatzen eta ekoizten ziren altzarien lehen salmenta gune bihurtu zen.

Biok enpresan, Basterretxeak indar sortzailea osoki garatu zuen, teknikariekin eta langileekin lankidetza estuan. Eraikuntzarako, ebanisteria eta mihiztatze teknika konplexuak erabiltzen zituzten, eta Afrikako zurak era nobleagoan erabiltzen hasi ziren. Bioken, bilakaera garbi bat izan zuten: aurretik ikusten zen soiltasuna utzi, eta forma organiko biribilagoak, beroagoak, pop-agoak bilatzen hasi ziren. Hala, arrazionalismoaren soiltasun monotonotik ateratzen saiatu ziren, funtzionaltasuna eta erosotasuna uztartzen zituzten goi mailako altzariak sortzeko. Garai hartan, Domus eta Casabella Italiako aldizkariek iraultza domestikoa abiarazi zuten; aldizkari horiek, hain zuzen, Basterretxeak astero jasotzen zituen etxean.

Erreferentzia mundu horrek bertakotasunaren zaletasunarekin bat egin zuen. Biokeko altzariek kostaldeko herrien izenak dituzte: Orio, Zumaia, Getaria… Bermeo bulegoko mahai sendoak branka edo kai-muturra ekartzen du gogora, eta artistak zirkuluetatik eta zirkuluerdietatik abiatuz sortutako eskultura askoren antza du. Artistak translazio bat abiatu zuen, naturatik artera eta diseinu industrialera: kurbaren dinamismoa, handituz doan espirala, uhinen forma aldakorra… Garai horretan nabarmentzen dena Basterretxeak euskal nortasunaren eta kulturaren alde izan zuen konpromisoa da. Hain zuzen, Biok-eko aldi emankorrena Frankismoaren garaiko euskal kulturaren mugarri izan zen Ama Lur (1968) filmarekin batera gertatu zen.

Néstor Basterretxea, Julio Amóstegui eta Fernando Larruquert ‘Ama Lur’ pelikularen filmaketan, 1965. José Julián Bakedanoren bildumako argazkia

Oso denbora gutxian, Biok Europako diseinu feria garrantzitsuenetan agertzen hasi zen; esaterako, Koloniakoan. 1968an, Basterretxeak bere diseinu berezi eta pertsonalenaren bi aldaera diseinatu zituen. Kurpilla besaulkia Basterretxearen ideia estilistiko guztiak laburbiltzen dituen manifestu estetikoa izan zen. Altzari horrek kanp ukitua du: beso-euskarrietan sixties-etako diseinu onenen antzeko kontrakurba du. Urte berean, Biokek “BK sistema” merkaturatu zuen: etxerako eta bulegorako altzari modular bilduma.

Néstor Basterretxea Biok altzari-enpresako langileekin, Irun, 1960ko hamarkada. © Basterretxea familia

Gerora, Basterretxea hainbat prototipo aitzindariren maketa txikiak, argazkiak eta display-ak zirriborratzen hasi zen, begirada beti gerora emana. Hori izan zuen azken lekukotasuna diseinuaren munduan. Ekoizpen estandarizatuak artistari adierazmena oztopatu zion, eta Biok-etik urruntzen hasi zen.

Horrela bukatu zen diseinu industrialean izan zuen hamar bat urteko ibilbidea. Aldi hori nahikoa izan zen, hala ere, Nestor Basterretxea Espainiako estatuko diseinatzaile ohargarri eta euskal diseinu modernoaren bide-urratzaile bihurtzeko.

Liburu bat, naturaren edertasunaren goresle

Liburu bat, naturaren edertasunaren goresle

Hitzak: Manuela Estel  / Argazkiak: Lur Garden
FB
PN
X

Share 

Lur Garden liburuan, Iñigo Segurolak kontatzen du Oiartzungo haranean hamar urtez moldatu duen “lorategien lorategia” nola sortu zen.

Baina lorezaina gabe lorategia ez denez ezer, liburuan euskal paisaia-antolatzailearen nortasuna ere anitz ageri da. Goazen natura aske eta menderagaitzean ordena eta edertasuna bilatzen duen gizona ezagutzera.

Haurra zenean, Iñigo Segurola eskola ateraldi bakoitzean loreak biltzen dituzten haur horietakoa zen. Handitan “zuhaitzei buruzko liburuak” idatziko zituela esaten zuen. Landare zale handia zen, eta ongi kontatzen du zer zirrara eragiten zion sabelean, zientzia klaseetan, kotoi hezean gordetako haziak azkenean hazten ikusteak.

Zenbait hamarkada geroago, Euskal Herrian parerik ez duen lorategia sortu zuen. Horrez gain, Lur Garden liburua argitaratu du; hots, bere haur-ametsetako “zuhaitzei buruzko liburua”.

“Beti esaten dut lorategi hau boskiak adoptatzea bezala izan dela: bat lo dagoenean, bestea negarrez hasten da, beste bat kontrolaezin bihurtzen da eta abar” – Iñigo Segurola

Lur Garden: 10 urteko genesia paperean bildurik
Lur Garden Oiartzungo haran txiki batean bihotzean dagoen 16 gaikako lorategi multzoa da, bi hektareako “lorategien lorategia”. Batzuen ustez, baliteke paradisuak antzeko itxura izatea. Baina, Iñigo Segurolak eta Juan Iriarte partaideak lursaila aurkitu zutenean, duela hamar urte, Sarobe errekaren bazterrean behi zenbait bazkatzen zituen pentzea besterik ez zen.

Ikusmen handiko bi paisaia-antolatzaile gipuzkoarrek 1994az geroztik Lur Paysajistak estudioa zeramaten, eta lekuaz maitemindu ziren. Erostea erabaki zuten, bertan haien artea inongo oztoporik gabe esperimentatu ahal izateko.

Liburuko orrietan, Segurolak proiektuaren urratsak aurkezten ditu. Adibidez, azaltzen du nola sortu zen lorategi zuzenak egin ordez biribilak egitearen ideia: Juan Iriarteren arraultza frijitu marrazki batetik jalgi zen. Lursailean atzeman zituzten metalezko uztaiek inspiraturik, Iriartek marraztu zituen lorategiak ez ziren eraikin baten jarraipena, baizik eta natura beteko uhartetxo libreak.

Argazkiak Segurolak berak eta Clair Takacs, Marta Etxebarria eta Unai Bellami argazkilariek eginak dira. Lorategietako gune kontrastatuetan barna bidaiatzera eramaten gaituzte. Ureko landarerik gabeko urmael baten inguruan soiltasunez antolatuta dagoen ispiluen lorategitik has gaitezke, adibidez, eta bitxikerien lorategi koloretsu eta jorian bukatu.

Baratze bat nahi deizüet egin
Lur Garden liburua bi zatitan antolatua da: lorezaina eta lorategia. Izan ere, Segurolarentzat, bien arteko harremana erraietakoa da. “Beti esaten dut lorategi hau boskiak adoptatzea bezala izan dela: bat lo dagoenean, bestea negarrez hasten da, beste bat kontrolaezin bihurtzen da eta abar”, kontatu du. Sorkuntza horren lehen zortzi urteetan, obsesio harremana izan zen; berak onartzen duenez, bere burua ahantzi eta “hondoa ukitzeraino”. Lorategia, harentzat, haurra bezalakoa da: gurasoa behar du, betidanik eta betiko.

Elkarren arteko menpekotasunetik ateratzeko, yoga eta meditazioa izan ditu bide bakarrak. Horiei esker, bere burua berreraiki ahal izan du. Geroztik, Sortzaile baino, landare eta animaliaz beteriko lorategi bizi horien behatzailetzat dauka bere burua. Azkenean, aitarik gabe ere ederki bizi baitira lorategi-haurrak.

Lur Garden liburua hemen erosten ahal duzue!

Bromalgae: izaki ñimiñoen iraultza erraldoia

BROMALGAE

Play Video
Hitzak: Nahia Zubeldia / Bideoa: Mito & Iker Treviño
FB
PN
X

Share 

Izaki ñimiñoaren iraultza erraldoia

Duela zenbait hamarkada, Barakaldo burdingintzaren eta industria astunaren bihotza zen, Bizkaiko Labe Garaietan burdina eta altzairua ekoizten ziren garaian. Jarduera horrek euskal ekonomia anitz bultzatu zuen; baina, aldi berean, kutsadura handia eragin zuen. Denborarekin, industria gainbehera joan zen, eta Bilbok eta inguruek eraldaketa handia bizi izan zuten: ingurumen-politika berriak eta garapen iraunkorraren aldeko proiektuak loratzen hasi ziren.

Bizkaiko Labe Garaiak 1902an sortua Barakaldon

Hain zuzen, Euskal Herrian gertatzen ari den iraultza berdea ez dator oihanetatik edo laborantzatik soilik. Itsasoko organismo ñimiño batzuk, mikroalgak, etorkizun jasangarri baterako bidea zabaltzen ari dira. Hori da Bilboko Bromalgae enpresa berritzailearen apustua: mikroalgen indarra baliatzea ingurumen-erronka handiei buru egiteko: airearen kutsadura murriztea, karbono dioxidoa xurgatzea eta energia berriztagarriak sustatzea.

Mikroalgak: itsasoko urre berdea
Txikiak izanik ere, mikroalgak “superlandareak” dira: karbono dioxidoa xurgatzeko eta oxigenoa askatzeko gaitasun handia dute, eta ezin lasterrago biderkatzen dira (egunero bikoizten edo hirukoizten dira!). Beraz, zinez emankorrak eta interesgarriak dira industriaren, elikaduraren eta energiaren arloetarako. Planeta oxigenatzen duen prozesu natural bera baliatuz, Bromalgae mikroalgek eskaintzen duten teknologia garatzen ari da, kutsadura murrizteko eta airea garbitzeko.

Adibidez, hiri kutsatuetan aire garbiagoa arnasteko, alga-zuhaitzak sortu dituzte. GarbiAir izeneko sistema horrek, mikroalgen bidez, CO₂ eta NOx gasak harrapatzen ditu. Barakaldon eta Baionan egin dituzten lehen proben arabera, emaitzak harrigarriak dira: karbono dioxidoa %30-40 eta nitrogeno oxidoak %70 apal daitezke. Baliteke, beraz, hirietako karriketan laster alga-zuhaitzak loratzen ikustea.

Baina kutsaduraren erronkak ez dira karriketara mugatzen. Industria handiek isurtzen dituzten gasak ere arazo larria dira. Hor ere, mikroalgek badute zer egin. GarbiNox sistemak, lantegietan instalatu mikroalga-erreaktoreen bidez, kutsadura iragazten du, gas toxikoak xurgatu eta aire garbiagoa botaz. Teknologia horrek, ingurumena babesteaz gain, enpresak laguntzen ditu arlo horretako araudi zorrotzak betetzen.

Mikroalgek bestelako aplikazio anitz ere badute. Horiek guziak ikertu eta ustiatu ahal izateko, Valga proiektuaren baitan, Bromalgae mikroalgak eskala industrialean ekoizten ari da. Mikroalgen aplikazioak nekazaritzatik hasi eta hondakin, osasun edo kosmetika industriaraino zabal daitezke.

Bromalgae bi egia frogatzen ari da. Batetik, hiri edo eskualde baten halabeharra alda daitekeela eta garai batez kutsatzaile zena ingurumenaren aldeko eragile nagusi bilaka daitekeela; eta, bestetik, mikroalgek aterabide praktiko eta eraginkorrak eskaintzen dituztela erronka ekologiko handiei buru egiteko.

Baina, teknologia iraultzaile horiek bideragarriak izatea ez da lan samurra eta funtsezko zenbait erronka oraino gainditzekoak dira. Ekoizpena eskala industrialera pasatzeaz gain, mikroalgen onurak ezagutarazi eta zabaltzea beharrezkoa da, bai herritarren kontzientzia pizteko, bai enpresak alternatiba jasangarrien alde bultzatzeko. Eta, enpresa pribatuez gain, politika publikoek ere lagundu behar dute, airearen kalitatea eta ingurumenaren babesa lehenetsiz.

Mikroalgen bidea etorkizunerantz
Bromalgaek erakusten du etorkizun berdeago eta jasangarriagorako bidea teknologia berritzailea eta naturaren indarra uztartzean dagoela.
Mikroalgak ez dira irtenbide miragarria, baizik eta zientziak eta ingeniaritzak kutsadura murrizteko eta ingurumena babesteko laguntzen ahal duten aukera erreal bat.

Euskal Herritik mundura, Bromalgaeren lanak agerian uzten du itsasoko organismo ñimiño horiek eragin erraldoia izan dezaketela gure planetaren osasunean. Mikroalgen potentzialaren hazia, hein handi batean, oraino lurpean dago, eta teknologia, kontzientziazioa eta araudi egokia, hiruak ezinbestekoak izanen zaizkio zuhaitz osasuntsuaren gisan garatu eta hedatzeko.

Palmadera: azalera txikietatik anbizio handietara

Palmadera: azalera txikietatik anbizio handietara

Hitzak: Nahia Zubeldia / Argazkiak: Mito
FB
PN
X

Share 

Palmadera enpresa 1962an sortu zen, Beran. Sortze beretik, Alemaniatik teknika berritzailea ekarri zuen: kontratxapatu moldatuzko objektuen fabrikazioa.

Produktuak erretxina fenolikoz bustitako pago xaflaz osatuak ziren, estu-estu konprimitzen zituen prentsaz elkarri itsatsiak. Enpresak berehala izan zuten arrakasta. Erabilitako ekaien sendotasuna eta balio-aniztasuna zirela eta, ezinbesteko bihurtu zen, eskoletan bezala ostalaritzan.

Etengabe hobetzen
1990eko hamarkadan, Palmaderak prozedurak modernizatu zituen, tarteko geruzetan Kraft papera sartuz eta akaberak hobetuz, bereziki haritzezko xaflaztatzea erabiliz. Haritza ederra bezain praktikoa denez, kontratxapatu hori luze gabe bihurtu zen saihestezin ostalaritzan. 2005ean, Zoocreative diseinu estudioarekin lankidetzan, Palmaderak erretilu bilduma berria sortu zuen, baita hainbat sari bereganatu ere. Horri esker, Starbucks, McDonald’s eta Zara Home bezain marka handiak erakarri zituen, erretilu pertsonalizatuen eske.

Arkitektura ikusmiran
Palmaderak garatutako konpresio teknologiak dimentsio berria hartu zuen 1992an, Sevillako Nazioarteko Erakusketan zurezko panelak pabilioietan ezarri zituztenean. Lorpen horrek Palmadera enpresa arkitekturaren mundura murgilarazi zuen, eta Parklex marka ahizpa sortu zioten, klima baldintza gogorrenei aurre egin ziezaieketen estalgarriak garatzeko.

Washingtongo unibertsitatea
Arkitektoa: Perkins+Will
Hall of Waterfront City – Chongqing
Arkitektoa: Shangai Tianhua
5 St Paul’s Square Liverpool
Arkitektoa: RHWL

“Egun, Parklex Prodemak guztira 140 langile dituzte, eta mundu zabalean daude.”

Berrikuntza, arkitektoen mesedetan
Parklex panelak arkitektura proiektu zorrotzenetarako gai bihurtu ziren, eta arrazoiarekin: panel horiekin, fatxada aireztatuak, horma biribilduak, barandak, sabai aizunak eta parket ezin sendoagoak eraiki daitezke. Hain dira balio anitzekoak, non arkitektoei sormen ahalmena zabaltzen baitiete.

Itzal handiko obrak mundu zabalean
Parklex panel estratifikatuek hainbat eraikinetako hormak janzten dituzte:
• Guggenheim museoa, Frank Gehry, Bilbo.
• W Barcelona hotela, Ricardo Bofill.
• Silken Puerta América hotela, Madril, Jean Nouvel suiteetan.
• Rhône-Alpes eskualdearen egoitza, Christian de Portzamparc.

Nazioarteko hainbat proiektutan ere ikus daitezke:
• 5 St Paul’s Square, Liverpool.
• Washingtongo unibertsitatea, Seattle.
• Woodview Mews, Croydon.
• Hall of Waterfront City, Chongqing.
• Fast Lane Center, Tel Aviv.

Beti hazten
Egun, Parklex Prodemak guztira 140 langile dituzte, eta mundu zabalean daude. Diseinu industrialean eta arkitekturan leku ederra berenganatu dute, tradizioa eta berrikuntza bateratuz.

Hemendik liburua: Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak

Gipuzkoako oihanean, etxola txikiaren itzal handia

Gipuzkoako oihanean, etxola txikiaren itzal handia

Hitzak: Nahia Zubeldia / Argazkiak: Biderbost Photo
FB
PN
X

Share 

Aralarko bihotzean, Bilboko Babelstudio estudioko arkitektoek asmo handiko zaharberritze proiektua eraman dute: 20m2-ko tresna biltegitxoa etxola atsegin bihurtzea.

Ideia handiak eremu txiki(-txiki)etan gauzatzea, ez ote da etorkizuneko arkitekturaren erronka nagusia?

Azken urteotan, natura betean dauden etxola txikien irudiak nonahi loratzen dira, sare sozial, blog eta aldizkarietan. Informazioz, jendez eta presioz gainezka ari zaigun mundu honetan, batzuentzat, natura-beharra gose gorri bilakatu da. Premia horrek eraman zuen etxolaren jabe den bikote bilbotarra Andrea García, Michael Schmidt eta Andrea Emmanuelen bulegora, hots, Babelstudio arkitekto estudiora.

Gipuzkoako bihotzean, Aralarko oihanean, tresna-biltegi txiki bat zuten, eta asteburuetarako pausa leku bihurtu nahi zuten, bertan eskulanak egiteko, mendi ibilaldien ondotik atseden hartzeko, baita gaua pasatzeko ere. Babelstudiok sortu basetxea eremu txikien arkitekturak eskatzen duen buru-argitasunaren adibide zoragarria da.

“Hala, Babelstudioko langileek erne ibili behar izan dute, hutsunerik batere ez uzteko eta metro karratu bakoitza optimizatua izan dadin.”

Aspaldiko etxolaren arima oso eta sendo
“Eraikina oso hondatuta zegoen”, azaldu dute arkitektoek. “Egiturak egonkortasun arazoak zituen eta ez zen ez isolatua, ez irazgaitza”. Beraz, etxolaren egiturako ekaiak birpentsatu behar izan zituzten, baina hasierako forma eta bolumena atxikiz, araudia betetzeko gisan. 20 m2-ko etxola bizigarria behar zuten; ez handiagoa, ez txikiagoa. Erronka erakargarria zen: eremuak eta aurrekontuak beti behera doazen garai honetan, eraikin txikien arkitektura da sormenari eta asmamenari leku gehien ematen dien arkitektura arloa.

Hala, Babelstudioko langileek erne ibili behar izan dute, hutsunerik batere ez uzteko eta metro karratu bakoitza optimizatua izan dadin. Desafio horretan oinarrituz, neurri bereko bi eremu sortu dituzte: lehena egongela/logela goxoa da, tximinia inguruan antolatua eta berina-ate zabalez irekia, landareen artera murgildu ahal izateko. Bigarrenak bainugela lehor txikia eta zurgintza tailerra ditu, oihanera osoki zabal daitekeena, horma osoa hartzen dion atea baitu.

Ingurumenarekin bat
Beste arkitektura erronka bati ere buru egin behar izan diote, hori ere lehena bezain garaikidea: zaharberritzea, baina natura osoki errespetatuz. Horretarako, Babelstudioko sortzaileek erabaki dute bertako pinua erabiltzea, bai zolarako, bai habeetarako, baita barneko eta kanpoko paretetarako ere. Teilatua burdin xafla izurtuzkoa da. Itxura “gordin” hori modernizatzeko, hala ere, kanpoko inguru osoa beltzez tindatu diote. Kolore horrek inguruko naturarekin fusioa eta aldi berean kontrastea eragiten ditu.

Gipuzkoako oihaneko mini-etxola horrekin Babelstudiok erakusten du txikitasunean gauza handiagoak egin daitezkeela. Etorkizuna, errotik txikia?

Notox: lehen surf taula ekologikoak

Notox: Lehen surf taula ekologikoak

Hitzak: Naia Zubeldia / Argazkiak: Mito & Notox
FB
PN
X

Share 

Pierre Pomiers eta Benoît Rameix robotika enpresa batean lankide ziren, eta bereziki, surf zale amorratuak ziren.

Naturarekin egiazki dantzan
XXI. mende hasieran, surfaren aurpegi iluna argitara atera zen: naturaren bihotzean gertatu arren, ingurumenari kalte handia eragiten dio. Hala, 3 kg-ko taula egiteak 6 kg hondakin arriskutsu sortzen ditu, eta fabrikaziorako behar diren materialek batez beste 9 000 km-ko bidea egiten dute.

Pierre Pomiers eta Benoît Rameix robotika enpresa batean lankide ziren, eta bereziki, surf zale amorratuak ziren. Egoeraz ohartu zirenean, zerbait egin behar zela erabaki zuten.

Esan eta egin: 2006an, Angelun, Notox tailer berritzailea sortu zuten. Ahalegin guztiak egin zituzten ingurumena zaintzeko eta artisauen osasuna zaintzeko: zarata murriztu, airea tratatu, gai kutsakorrak iturritik xurgatu, azetonaren ordez disolbatzaile lurrunkorrak erabili eta hondakinak eta partikula finak bereizi.

Olatuetan aitzindari
2010ean, Notoxek liho zuntzezko lehen taula ekologikoa diseinatu zuen. Muinean, poliestireno birziklatua dakar, jatorri biologikoko epoxi erretxinaz estalia (%56 landare jatorrikoa). Hala, aztarna ekologiko txikiagoa du: materialak askoz hurbilagotik ekartzen dituzte (700 km) eta taula bakoitzak eragiten dituen 4 kg hondakinen %75 birziklatzen dira. Gainera, liho zuntzak taulari gaitasun bikainak bermatzen dizkio. Izan ere, oso arina izateaz gain, bibrazioak hobeto xurgatzen ditu..

Kortxozko taula baten leunketa

“Teknikotasuna, ardura ekologikoa eta neurrizko prezioak uztartuz, surfaren ikuspegi berri bat gorpuzten du Notoxek.”

Kortxoaren iraultza
2016an, hiru urtez ikertu ondoren, Notoxek surflari hasiberriak eta tartekoak ere bereganatu zituen, kortxozko taula bati esker. Materiala fidagarria da, kolpeei ongi aurre egiten die eta, irristagaitza denez, ez du argizari beharrik. Taula horrek ere arrakasta ederra izan zuen: egun, markaren ekoizpenaren %50 dagokio.

Handitzen, handitzen
Notoxen sorkuntzak azoka askotan agertzen dira; 2015ean, esaterako, Milango erakusketa unibertsalak nazioartean ikusgarritasun handia eman zion. Egun, enpresak salmenten %20 esportatzen du, eta Australian lizentziapeko tailer bat sortzeko asmoa du.
Teknikotasuna, ardura ekologikoa eta neurrizko prezioak uztartuz, surfaren ikuspegi berri bat gorpuzten du Notoxek. Zaletasuna eta ingurumenaren errespetua taula berean ezarri ditu surfean.

Hemendik liburua: Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak

B.Lux lanparak: Ideia argitsu eta anizkunak

B.Lux lanparak: Ideia argitsu eta anizkunak

Hitzak: Naia Zubeldia / Argazkiak: B.Lux
FB
PN
X

Share 

B.Lux argi enpresa Markinan sortu zen  1979an. Hastapenetik aitzindaria izan zen, testuinguru industrialean altzairugintza eta makina-tresnak baitziren nagusi.

Jatorritik beretik izan zuen jarrera berritzailea, eta tokiko fabrikazioa, diseinu paregabea eta nazioarterako soa uztartzeko gai izan zen. Betidanik, B.Lux enpresak bertako eta kalitatezko ekoizpenak izan ditu ardatz. Hamar urtean ekoizpena bikoiztu duen Gizaburuagako lantegian egiten dituzte moldatze, soldatze, pintatze eta muntaketa lanak.

Inguruetako herrietan kokatutako hainbat ekoizpen unitatek ere lanean parte hartzen dute, metalaren enbutizioa, bozelketa eta plastiko injekzioa eginez. Hala, enpresa asko eta askok ekoizpena Asiara deslokalizatzen zuten bitartean, B.lux ekoizpen osoa herrian gauzatzera tematu zen.

Guillermo Capdevilla Euskal Herriko lehen diseinatzaileetakoa, Bilboko DZ Diseinu zentroan, lankide talde batekin – 1985
Belux System bildumaren lehen katalogoaren azala – 1980

Estrategiaren muinean, diseinua
B.Luxen zutabeetako bat diseinua izan da beti. Hastapenetik, diseinatzaile bikainekin elkarlanean aritu da. 1980ko hamarkadan, Guillermo Capdevilla, Euskal Herriko diseinu industrialeko aitzindariak zabaldu zuen bidea, B.Lux-en nortasuna luzerako markatuko zuten sorkuntza berritzaileekin.

Diseinuko beste itzal handiko izen batzuk etorri ziren gibeletik; besteak beste, Jorge Pensi, Miguel Ángel Ciganda edota, berrikiago, David Abad, Stone Designs eta Tim Brauns. Horiek guziek, enpresaren babesarekin, argi intenporalak sortu zituzten, eta nazioarteko hainbat sari jaso.

Arkitektura eta kanporako proiektuak
2001etik, B.Lux enpresak arkitektura proiektu handietako argiztapen sistemak garatzen ditu, Frank O. Gehry, Patxi Mangado edota Dominique Perraultekin batera, besteak beste. Aldi berean, kanpoko argiztapenerako modeloak ere proposatzen ditu; horietako batzuek, Jon Santacoloma Kanpazar lanparak, adibidez, nazioarteko diseinu sariak jaso dituzte.

Guillermo Capdevillak 1979an diseinatutako Belux system bilduma 2019an berrargitaratua izan zen.
Aspen bilduma (Werner Aisslinger): Bi pantailako lanparak, partez argi zuzena baina zabal eta dotorea sortzen dutenak.
Belux system (Guillermo Capdevilla, 1979): lanpa artikulatu bilduma, denboran zehar zaharkitu ez eta 2019an berrargitaratu zena.

“Egun, B.Lux mundu zabaleko berrogeita hamar herrialde ingurura hedatu da”

Nazioartean erreferentzia
Egun, B.Lux mundu zabaleko berrogeita hamar herrialde ingurura hedatu da, baitaki bertako trebeziak eta munduko merkatua uztartzen. Euskal trebezia industrialak eta bertako eta mundu zabaleko diseinatzaile bikainak bateratuz, familia enpresa zena diseinuko argien alorreko erreferentzia bilakatu da.

Hemendik liburua: Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak

Orbea, armetatik bizikletara

Orbea, armetatik bizikletara

Hitzak: Naia Zubeldia / Argazkiak: Orbea
FB
PN
X

Share 

Orbea Hermanos enpresa 1840an sortu zen, Eibarren, garaian armagintza oso garatuta zegoen eskualdean.

Orbea Hermanos-en jatorrizko entseina, enpresaren inizialak daramatzana. Mundu osoko arma ugaritan grabatua da.

Bi gurpileko bihurgunea
1926an, enpresak bihurgune erradikala hartu zuen, itzaletik argira, armetatik bizikletetara. Joera Eibarren zabaldu zen: armagintzaren bihotz historikoa zena bizikleta fabrikazioaren gune nagusi bihurtu zen. Orbea baino lehen, BH izan zen trantsizio horretan aitzindaria, 1923an. Orbeak, aldiz, jarduera bitan zatitu zuen: Orbea y Compañia Eibarren gelditu zen, eta bizikletetara dedikatu; Hijos de Orbea, aldiz, Gasteizen kokatu zen, eta kartutxoak ekoizten segitu zuen.

Aldi berean, txirrindularitza asko garatu zen inguruetan. 1910ean, Eibarren, Eibar-Elgoibar-Eibar lasterketa antolatu zuten lehen adiz; hots, Espainiako lehen itzulia baino 25 urte lehenago.

Bi gurpileko bihurgunea
1926an, enpresak bihurgune erradikala hartu zuen, itzaletik argira, armetatik bizikletetara. Joera Eibarren zabaldu zen: armagintzaren bihotz historikoa zena bizikleta fabrikazioaren gune nagusi bihurtu zen. Orbea baino lehen, BH izan zen trantsizio horretan aitzindaria, 1923an. Orbeak, aldiz, jarduera bitan zatitu zuen: Orbea y Compañia Eibarren gelditu zen, eta bizikletetara dedikatu; Hijos de Orbea, aldiz, Gasteizen kokatu zen, eta kartutxoak ekoizten segitu zuen.

Aldi berean, txirrindularitza asko garatu zen inguruetan. 1910ean, Eibarren, Eibar-Elgoibar-Eibar lasterketa antolatu zuten lehen adiz; hots, Espainiako lehen itzulia baino 25 urte lehenago.

“Eskualdean bizikleta zale asko zirenez, jarduera ongi garatu zen”

Kooperatiba hauspo
Abiada arrakastatsua izan arren, 1960ko hamarkadan Orbeak krisi bat bizi izan zuen. 1969an, galbidean zegoen. Enpresako langileek salbatu zuten, berreskuratu eta kooperatiba bihurtuz. Eredu horri esker, abiadura aldatu ahal izan zuten. 1975ean, lantegia Mallabiara mugitu zen, eta txirrindularitza profesionalean are gehiago inplikatu zen, bere taldea sortuz.

Berrikuntza beti xede
Geroztik, Orbeak maldan gora segitu du. Orain, orotariko bizikletak ekoizten ditu: lasterketarakoak, mendikoak, triatloirakoak eta hirikoak, baita bizikleta elektrikoak, kaskoak eta beste hainbat osagarri ere. Arlo bakoitzean, markak bizikleta pertsonalizagarriak proposatzen ditu. Orca, esaterako, bideko bizikleta arin-arina da; kableatu integratua eta 833 g-ko koadroa ditu. Modelo hori teknikotasunaren eta dotoretasunaren arteko orekaren adibide ezin hobea da.

Munduaren zela gainean
Orbeak mundu osoan ditu adarrak (Estatu Batuetan, Frantzian, Alemanian, Australian etab.), eta txirrinduen arloko eragile saihestezina da. Egiten duen guztia Mallabian diseinatzen segitzen du, trebetasuna eta berrikuntza uztartuz, beti gailur berriak helburu.

Hemendik liburua: Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak