“Ombuaren Itzala”: Otaño bertsolaria argitara

“Ombuaren Itzala”:

Otaño bertsolaria argitara

Hitzak: Manuela Estel /  Argazkiak: Ombuaren hitzala
FB
PN
X

Share 

Auzolanean oinarrituz, Otañok euskal kulturan utzi zuen ondarea herriari itzuli diote.

“Ombuaren Itzala” Patxi Biskert aktore eta zinemagileak zuzendu filma da, Pello Mari Otaño Barriola (Zizurkil 1857 – Rosario, Argentina 1910) bertsolari eta poetaren bizitza eta lana ezagutarazteko helburua duena.

Otañok euskal kulturan toki garrantzitsua izan zuen, baina denbora iragan ahalak, bere figura ahanzturan erori zen. Eguzki Art Zinema ekoiztetxearen filmak haren memoria berreskuratu eta belaunaldi berriei helarazi nahi die.

Proiektuaren jatorria eta garapena
Patxi Biskert aspalditik ari da “Ombuaren Itzala” filma aurrera ateratzeko lanean. Finantzaketa lortzeko, auzolan erraldoi bat bultzatu zuen, herritarren, udalerrien, kultur elkarteen eta hezkuntza sarearen laguntzarekin. Erakundeen laguntzari eta herritarrek aurretik erosi sarrerei esker, proiektuak aitzina egin du; 2024ko azarotik Euskal Herrian barna proiektatzen ari dira.

Filmaren edukia eta argumentua
Filma 1889 eta 1910 urteen artean kokatzen da, Otañoren urte emankorrenetan. Garai hartan, Otañok Argentinara emigratu zuen familiarekin. Bertan, bertso eta olerki ugari sortu zituen, eta euskal diasporaren artean ezagun egin zen. Ombua, Argentinako panpan hazten den zuhaitza, Otañoren lan ezagunenetako baten inspirazio iturria izan zen, eta erbesteratuaren nostalgiaren sinbolo bilakatu zen.

“Ombuaren Itzala filmak gure memoria kolektiboa elikatu du, Pello Mari Otañoren figura eta euskal kulturari egin zion ekarpena berreskuratuz eta agerian emanez.”

Ekoizpena eta banaketa
Filma Zizurkilen eta Argentinan grabatu zuten, Otañoren bizileku nagusietan. 2024ko azaroaren 30ean, Zizurkilgo San Millan elizan egin zuten aurrestreinaldia, Biskert zuzendaria, Joseba Usabiaga aktore nagusia eta beste hainbat aktore eta eragile bertan zirela.

Orain, filma Euskal Herriko hainbat herritan proiektatzen ari dira. Oraingoz proiekzio egun finkorik ez izan arren, Ipar Euskal Herrian ere ikusterik izanen dela espero dezagun. Filmaren eremua ez da zinema aretoetara mugatuko. Izan ere, auzolanaren esker on gia, Euskal Herriko bestelako zenbait gunetan proiektatzea eta eskoletan ustiatu ahal izatea proiektuaren parte ziren hasieratik.

Ombuaren Itzala filmak gure memoria kolektiboa elikatu du, Pello Mari Otañoren figura eta euskal kulturari egin zion ekarpena berreskuratuz eta agerian emanez. Auzolanaren bidez egin dokumentalak, gainera, euskal kulturaren ondarea bizirik mantentzeko orduan komunitatearen indarra eta elkarlana erakutsi ditu.

Honela idatzi zuen Otañok:

Ama euskerak hau esan zidan
jarririk begi alaiak.
Horregatikan nakar honera
berari lagundu nahiak.
Gutxi nezake, oso txikiak
dira nik dauzkadan gaiak,
bainan pozkiroz egingo ditut
gauak, egun, aste, jaiak;
leku pixka bat Euskal Herrian
eskatzeizuet anaiak.

Patxi Biskerti, Eguzki Art Zinemari eta euskal eragile eta herritarrei esker, lekua bermatua du, egun ere, Euskal Herri kutunean.

Loreak mendian gabardina: euskal loreak mundu zabalera

Loreak mendian gabardina: euskal loreak mundu zabalera

Hitzak: Nahia Zubeldia / Argazkiak: Loreak Mendian
FB
PN
X

Share 

1992an, Xabi Zirikiain donostiarra sorterrira itzuli zen, mekanikako ingeniaritza ikasketak bukatu eta urte sabatikoa Atlantikoan gaindi eta Indian iragan ondoren.

Esperientzia horiek gogoberoturik, gipuzkoar gaztea Loreak Mendian hitzak zeramatzaten nikiak diseinatzen hasi zen. 1995ean, Victor Serna lagunarekin, Donostiako portuan saltegitxo bat irekitzea erabaki zuen. Xabik jantziak marrazten zituen, eta Victorrek, berriz, saltzen. Haien markan, estilo hiritarra eta naturarekiko hurbiltasuna uztartu zituzten.

Donostiako portuko saltegi historikoa.

Mendian zein hirian nagusi
Euskal Herrian, laster bihurtu zen Loreak Mendian saihestezin. Euskal hiritar gazte guztiei ikusten zitzaizkien soinean lore handiz apaindutako jertse txanodunak; bai hegoaldean, bai iparraldean. Markak jantzi unisexak proposatzen zituen, uneko kultur edo jendarte gertakarietan inspiratuak. 2011n, enpresak hamabi saltoki eta hirurogei langile zituen.

Estilo mudantza
2015ean, Loreak Mendian markak norabidea aldatu zuen. Surfwear eta streetwear arteko estiloa utzi, eta bilduma sofistikatuagoak sortu zituen. Estiloa grafikoa eta dotorea bihurtu zen, baina jatorrizko balioei uko egin gabe: sormen ahalmena, lurraldeko sustraiak eta unibertsaltasuna zaintzen segitu zuen. Nonbait, marka helduarora iritsi zen; eta Ura gabardina bilakaera horren adierazle ezin hobea da.

“Kolore neutroetan ala elektrikoetan egindako gabardina markaren funtsezko produktu bihurtu zen”

Iturri zaharretik Ura gabardina
Euskal Herriko klima euritsuak inspiratu zuen Ura gabardina. Grafismo dotore eta minimalistako jantzia Britainiako kotoi txirikordatuzko ehun iragazgaitzezkoa da, eta urari sartzea eragotzi arren, ez ditu euritakoek izan ohi dituzten dirdira eta busti itxura. Kolore neutroetan ala elektrikoetan egindako gabardina markaren funtsezko produktu bihurtu zen, eta hala segitzen du orain ere.

Lau haizeetara
Gaur egun, Loreak Mendian markak nazioartean ere lekua egin du eta talde handiengana hurbildu da. Hala, 2019an, Ternuarekin bat egin zuen; azken hori kirol ehun eta ekipamenduetan berezitua da, eta mundu zabalean kontzientzia ekologikoa hedatzera ahalegintzen da. Loreak Mendian 50 herrialdetan dago orain, eta segitzen du erroetatik edanez adarrak luzatzen.

Hemendik liburua: Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak