Miren Arzalluz:
Joan ez dena ezin da itzuli
Hitzak: Oier Aranzabal Argazkiak: Guggenheim & James Weston
Share
“Revolution is the harmony of form and color and everything exists, and moves, under only one law = life”
– Frida Kalho
Artea maite du Miren Arzalluzek. Deustuko Unibertsitatean Historia lizentziatura amaitu ostean, Artearen Historia ikasi zuen The Courtauld unibertsitatean, Londresen. Eta bizitza osoa igaro du mugimenduan, bidaia etengabean, arteari eta kulturari korapilatuta. Balentziaga Museoko bildumaren arduraduna izan zen eta urtebetez Etxepare Euskal Institutuko zuzendari lanak egin ostean, 2018an Parisko Palais Galliera Modaren museoko zuzendari izendatu zuten. Zazpi urteren ostean Euskal Herrira itzuli da Bilboko Guggenheim Museoko zuzendari izateko erronkarekin. Tira, itzuli idatzi dugu, baina, egiari zor, inoiz alde egin ez duenak ezin du itzuli.
Arzalluzena Euskal Herritik mundurako begirada zabala eta anitza da, kultura gizartea hezurmamitzen duen oihal baten gisa ulertzen duena. Izan Balentziagak diseinatutako soinekoarena edo mundu berri bat irudikatu nahi duen mihisearena. Antonio Gezala margolari bilbotarrarena, Frida Kalhorena edo Guggenheimeko zuzendari gisa aurkeztu duen Vito Acconci eta Sergio Pregoren YOU erakusketarena (2025eko irailera arte erakusgai). Hizkuntza bat da funtsean, komunikatzeko, galderak egiteko, eta batzuetan, erantzunak aurkitzeko.
Parisko Modaren Museoan jantzien bidezko kontakizun intimoak azaleratzen jakin zuen: iraultza, identitate eta ametsen mataza korapilatsuan. Balentziaga eta Chanel, Dior eta Margiela, testuren, silueten eta espazioaren bidez hitz egiten duten artistak. Arzalluzek badaki artea eta gizatasuna uztartzen. Badaki euskal herritarra izatea eta mundutarra izatea txanpon beraren bi alde direla. Eta arte garaikidean erreferente izateaz gainera, euskal arte eszenarekin harremanak sendotzeko asmoarekin heldu dio Bilboko Guggenheim Museoko gidaritzari.

Miren Arzalluzek elkarrekin errimatzen ditu artea eta gizartea, iragana eta etorkizuna, tokikoa eta Mundukoa. Elkar josita.
AEBen eta Europaren arteko harremanek garai makurrak bizi dituzten honetan, berebiziko garrantzia du Guggenheim Museoak New York, Bilbao eta Venezia artean eraikitako zubiak. “Pentsatu nahi dut Kultura badela askatasun apur bat ematen digun esparrua. Nabarmena da testuinguru politikoak berebiziko eragina izango duela estatu batuetako erakunde kulturaletan”, azpimarratu du Arzalluzek. Une beltzetan geratzen da inoiz baino argiago kulturak eta berau osatzen duten erakundeek jendartean betetzen duten ezinbesteko papera: “Kulturak eskaintzen digun aukeretako bat erresistentziarena da”, esan du.
Museoa ez baita enpresa bat, edo ez du enpresa gisa ulertzen Arzalluzek. Elkarrizketa etengabean dagoen organismo bizi bat bezala baizik. Elkarrekin errimatzen ditu artea eta gizartea, iragana eta etorkizuna, tokikoa eta Mundukoa. Elkar josita. “Kargua hartu berri dut. Hausnarketa fasean nago lantalde ezberdinekin, baina, laster partekatuko ditugu etorkizunerako ildo nagusiak”, azaldu du Arzalluzek, zuzendari bezala egin duen lehen aurkezpenean.
Ez da kasualitatea -ia poetikoa da- bere ibilbidea ehunetik ehunera moda, artea, kultura eta identitateari josia egotea. Guggenheim ez da helmuga, bide berrien abiapuntu bat baizik. Eta Arzalluz mugimenduan dago, beti bezala, bide berri baten hasieran.


