Liburu bat, naturaren edertasunaren goresle

Liburu bat, naturaren edertasunaren goresle

Hitzak: Manuela Estel  / Argazkiak: Lur Garden
FB
PN
X

Share 

Lur Garden liburuan, Iñigo Segurolak kontatzen du Oiartzungo haranean hamar urtez moldatu duen “lorategien lorategia” nola sortu zen.

Baina lorezaina gabe lorategia ez denez ezer, liburuan euskal paisaia-antolatzailearen nortasuna ere anitz ageri da. Goazen natura aske eta menderagaitzean ordena eta edertasuna bilatzen duen gizona ezagutzera.

Haurra zenean, Iñigo Segurola eskola ateraldi bakoitzean loreak biltzen dituzten haur horietakoa zen. Handitan “zuhaitzei buruzko liburuak” idatziko zituela esaten zuen. Landare zale handia zen, eta ongi kontatzen du zer zirrara eragiten zion sabelean, zientzia klaseetan, kotoi hezean gordetako haziak azkenean hazten ikusteak.

Zenbait hamarkada geroago, Euskal Herrian parerik ez duen lorategia sortu zuen. Horrez gain, Lur Garden liburua argitaratu du; hots, bere haur-ametsetako “zuhaitzei buruzko liburua”.

“Beti esaten dut lorategi hau boskiak adoptatzea bezala izan dela: bat lo dagoenean, bestea negarrez hasten da, beste bat kontrolaezin bihurtzen da eta abar” – Iñigo Segurola

Lur Garden: 10 urteko genesia paperean bildurik
Lur Garden Oiartzungo haran txiki batean bihotzean dagoen 16 gaikako lorategi multzoa da, bi hektareako “lorategien lorategia”. Batzuen ustez, baliteke paradisuak antzeko itxura izatea. Baina, Iñigo Segurolak eta Juan Iriarte partaideak lursaila aurkitu zutenean, duela hamar urte, Sarobe errekaren bazterrean behi zenbait bazkatzen zituen pentzea besterik ez zen.

Ikusmen handiko bi paisaia-antolatzaile gipuzkoarrek 1994az geroztik Lur Paysajistak estudioa zeramaten, eta lekuaz maitemindu ziren. Erostea erabaki zuten, bertan haien artea inongo oztoporik gabe esperimentatu ahal izateko.

Liburuko orrietan, Segurolak proiektuaren urratsak aurkezten ditu. Adibidez, azaltzen du nola sortu zen lorategi zuzenak egin ordez biribilak egitearen ideia: Juan Iriarteren arraultza frijitu marrazki batetik jalgi zen. Lursailean atzeman zituzten metalezko uztaiek inspiraturik, Iriartek marraztu zituen lorategiak ez ziren eraikin baten jarraipena, baizik eta natura beteko uhartetxo libreak.

Argazkiak Segurolak berak eta Clair Takacs, Marta Etxebarria eta Unai Bellami argazkilariek eginak dira. Lorategietako gune kontrastatuetan barna bidaiatzera eramaten gaituzte. Ureko landarerik gabeko urmael baten inguruan soiltasunez antolatuta dagoen ispiluen lorategitik has gaitezke, adibidez, eta bitxikerien lorategi koloretsu eta jorian bukatu.

Baratze bat nahi deizüet egin
Lur Garden liburua bi zatitan antolatua da: lorezaina eta lorategia. Izan ere, Segurolarentzat, bien arteko harremana erraietakoa da. “Beti esaten dut lorategi hau boskiak adoptatzea bezala izan dela: bat lo dagoenean, bestea negarrez hasten da, beste bat kontrolaezin bihurtzen da eta abar”, kontatu du. Sorkuntza horren lehen zortzi urteetan, obsesio harremana izan zen; berak onartzen duenez, bere burua ahantzi eta “hondoa ukitzeraino”. Lorategia, harentzat, haurra bezalakoa da: gurasoa behar du, betidanik eta betiko.

Elkarren arteko menpekotasunetik ateratzeko, yoga eta meditazioa izan ditu bide bakarrak. Horiei esker, bere burua berreraiki ahal izan du. Geroztik, Sortzaile baino, landare eta animaliaz beteriko lorategi bizi horien behatzailetzat dauka bere burua. Azkenean, aitarik gabe ere ederki bizi baitira lorategi-haurrak.

Lur Garden liburua hemen erosten ahal duzue!

Gipuzkoako oihanean, etxola txikiaren itzal handia

Gipuzkoako oihanean, etxola txikiaren itzal handia

Hitzak: Nahia Zubeldia / Argazkiak: Biderbost Photo
FB
PN
X

Share 

Aralarko bihotzean, Bilboko Babelstudio estudioko arkitektoek asmo handiko zaharberritze proiektua eraman dute: 20m2-ko tresna biltegitxoa etxola atsegin bihurtzea.

Ideia handiak eremu txiki(-txiki)etan gauzatzea, ez ote da etorkizuneko arkitekturaren erronka nagusia?

Azken urteotan, natura betean dauden etxola txikien irudiak nonahi loratzen dira, sare sozial, blog eta aldizkarietan. Informazioz, jendez eta presioz gainezka ari zaigun mundu honetan, batzuentzat, natura-beharra gose gorri bilakatu da. Premia horrek eraman zuen etxolaren jabe den bikote bilbotarra Andrea García, Michael Schmidt eta Andrea Emmanuelen bulegora, hots, Babelstudio arkitekto estudiora.

Gipuzkoako bihotzean, Aralarko oihanean, tresna-biltegi txiki bat zuten, eta asteburuetarako pausa leku bihurtu nahi zuten, bertan eskulanak egiteko, mendi ibilaldien ondotik atseden hartzeko, baita gaua pasatzeko ere. Babelstudiok sortu basetxea eremu txikien arkitekturak eskatzen duen buru-argitasunaren adibide zoragarria da.

“Hala, Babelstudioko langileek erne ibili behar izan dute, hutsunerik batere ez uzteko eta metro karratu bakoitza optimizatua izan dadin.”

Aspaldiko etxolaren arima oso eta sendo
“Eraikina oso hondatuta zegoen”, azaldu dute arkitektoek. “Egiturak egonkortasun arazoak zituen eta ez zen ez isolatua, ez irazgaitza”. Beraz, etxolaren egiturako ekaiak birpentsatu behar izan zituzten, baina hasierako forma eta bolumena atxikiz, araudia betetzeko gisan. 20 m2-ko etxola bizigarria behar zuten; ez handiagoa, ez txikiagoa. Erronka erakargarria zen: eremuak eta aurrekontuak beti behera doazen garai honetan, eraikin txikien arkitektura da sormenari eta asmamenari leku gehien ematen dien arkitektura arloa.

Hala, Babelstudioko langileek erne ibili behar izan dute, hutsunerik batere ez uzteko eta metro karratu bakoitza optimizatua izan dadin. Desafio horretan oinarrituz, neurri bereko bi eremu sortu dituzte: lehena egongela/logela goxoa da, tximinia inguruan antolatua eta berina-ate zabalez irekia, landareen artera murgildu ahal izateko. Bigarrenak bainugela lehor txikia eta zurgintza tailerra ditu, oihanera osoki zabal daitekeena, horma osoa hartzen dion atea baitu.

Ingurumenarekin bat
Beste arkitektura erronka bati ere buru egin behar izan diote, hori ere lehena bezain garaikidea: zaharberritzea, baina natura osoki errespetatuz. Horretarako, Babelstudioko sortzaileek erabaki dute bertako pinua erabiltzea, bai zolarako, bai habeetarako, baita barneko eta kanpoko paretetarako ere. Teilatua burdin xafla izurtuzkoa da. Itxura “gordin” hori modernizatzeko, hala ere, kanpoko inguru osoa beltzez tindatu diote. Kolore horrek inguruko naturarekin fusioa eta aldi berean kontrastea eragiten ditu.

Gipuzkoako oihaneko mini-etxola horrekin Babelstudiok erakusten du txikitasunean gauza handiagoak egin daitezkeela. Etorkizuna, errotik txikia?

Alkiren gune berrian, tailer iraunkorra, showrooma eta denda

 Alki, lantegi & Shoowroma

Hitzak: Nahia Zubeldia /  Argazkiak: Mito & Pierre Leibar
FB
PN
X

Share 

Alki kooperatibak Larresorora egin du aldaira, zero energiako tailer berrira. 400 m²-ko showroom-ean, partikularrei eta profesionalei altzari bildumak erosteko parada ematen die.

Alkiren tailer berria Leibar & Seigneurin agentziak diseinatu du, eta berrikuntza iraunkorrean zinez eredugarria da. 8 260 m²-ko azalera du eta Euskal Herriko ekonomia eta kultura garapenaren alde kooperatibak betidanik izan duen engaiamendua are urrunago eramaten du.

Arkitektura aldetik, eraikina dagoen lursailak malda handia duenez, lurrean ahal bezain azalera guti hartzeko gisan pentsatua izan da. Hastapenean hertsapena zena, eragin ekologikoa ttipitzeko eta ekoizpen prozesuak optimizatzeko parada izan da. Ondorioak? Lanaren antolaketa zirkularra, langileendako lan baldintza hobeak eta fabrikazio eraginkorragoa.

“Energiari dagokionez, tailerrak ez du berogailurik ez klimatizaziorik behar”

Halaber, argi naturala ezin hobe baliatzen du: irekidura zabalak eta ontsa kokatuak dituenez, argi artifizial arras guti behar du. Enargia tokiko elektrizitate hornitzaileari esker, egun tailerrean baliatzen den elektrizitatea %100 berriztagarria da. Gerora, eraikineko teilatuan eguzki panelak ezartzea pentsatua da, ekoitziko duten energiak tailerreko elektrizitate beharrak osoki asetzeko gisan.

Showroom murgiltzailea, sorkuntza eta aurkikuntza gunea
Iratzoki estudioak 400 m²-ko showrooma diseinatu du. Bisitariei murgiltze esperientzia eskaintzen die, kurba eta gardentasun artean 100 metro baino gehiagoko erridaua kurrituz. Gune horretan, partikularrek eta profesionalek Alkiren altzari bildumak ezagutzeko parada dute: bai etxerako sorkuntzak, baita ostalaritzarako sortak eta bulegorako antolamenduak ere. Showrooma guneka antolatua da, orotariko giroak erakusteko gisan: jatetxe ala lounge bar, proiekzio areto nola liburutegi, Alkiren sorkuntzen moldakortasuna agerian ematen duela.

Bertako objektuen saltegia
Esperientzia ontzeko, showroom-aren ondoan, saltegitxoak tokiko ofiziale eta markekin partaidetzan sortu objektuak proposatzen ditu. Euskal Herriko trebezien lagin polita ematen du eskura. Objektuetako batzuk bertan eginak dira, eta besteak tokiko sortzaile batzuek sortuak. Showrooma eta saltegia asteartetik larunbatera zabalik dira, 9:00etatik 17:00etara.

Gehiago jakin: Alki tailer berria