Bromalgae: izaki ñimiñoen iraultza erraldoia

BROMALGAE

Play Video
Hitzak: Nahia Zubeldia Argazkiak: Mito & Pierre Leibar
FB
PN
X

Share 

Izaki ñimiñoaren iraultza erraldoia

Duela zenbait hamarkada, Barakaldo burdingintzaren eta industria astunaren bihotza zen, Bizkaiko Labe Garaietan burdina eta altzairua ekoizten ziren garaian. Jarduera horrek euskal ekonomia anitz bultzatu zuen; baina, aldi berean, kutsadura handia eragin zuen. Denborarekin, industria gainbehera joan zen, eta Bilbok eta inguruek eraldaketa handia bizi izan zuten: ingurumen-politika berriak eta garapen iraunkorraren aldeko proiektuak loratzen hasi ziren.

Bizkaiko Labe Garaiak 1902an sortua Barakaldon

Hain zuzen, Euskal Herrian gertatzen ari den iraultza berdea ez dator oihanetatik edo laborantzatik soilik. Itsasoko organismo ñimiño batzuk, mikroalgak, etorkizun jasangarri baterako bidea zabaltzen ari dira. Hori da Bilboko Bromalgae enpresa berritzailearen apustua: mikroalgen indarra baliatzea ingurumen-erronka handiei buru egiteko: airearen kutsadura murriztea, karbono dioxidoa xurgatzea eta energia berriztagarriak sustatzea.

Mikroalgak: itsasoko urre berdea
Txikiak izanik ere, mikroalgak “superlandareak” dira: karbono dioxidoa xurgatzeko eta oxigenoa askatzeko gaitasun handia dute, eta ezin lasterrago biderkatzen dira (egunero bikoizten edo hirukoizten dira!). Beraz, zinez emankorrak eta interesgarriak dira industriaren, elikaduraren eta energiaren arloetarako. Planeta oxigenatzen duen prozesu natural bera baliatuz, Bromalgae mikroalgek eskaintzen duten teknologia garatzen ari da, kutsadura murrizteko eta airea garbitzeko.

Adibidez, hiri kutsatuetan aire garbiagoa arnasteko, alga-zuhaitzak sortu dituzte. GarbiAir izeneko sistema horrek, mikroalgen bidez, CO₂ eta NOx gasak harrapatzen ditu. Barakaldon eta Baionan egin dituzten lehen proben arabera, emaitzak harrigarriak dira: karbono dioxidoa %30-40 eta nitrogeno oxidoak %70 apal daitezke. Baliteke, beraz, hirietako karriketan laster alga-zuhaitzak loratzen ikustea.

Baina kutsaduraren erronkak ez dira karriketara mugatzen. Industria handiek isurtzen dituzten gasak ere arazo larria dira. Hor ere, mikroalgek badute zer egin. GarbiNox sistemak, lantegietan instalatu mikroalga-erreaktoreen bidez, kutsadura iragazten du, gas toxikoak xurgatu eta aire garbiagoa botaz. Teknologia horrek, ingurumena babesteaz gain, enpresak laguntzen ditu arlo horretako araudi zorrotzak betetzen.

Mikroalgek bestelako aplikazio anitz ere badute. Horiek guziak ikertu eta ustiatu ahal izateko, Valga proiektuaren baitan, Bromalgae mikroalgak eskala industrialean ekoizten ari da. Mikroalgen aplikazioak nekazaritzatik hasi eta hondakin, osasun edo kosmetika industriaraino zabal daitezke.

Bromalgae bi egia frogatzen ari da. Batetik, hiri edo eskualde baten halabeharra alda daitekeela eta garai batez kutsatzaile zena ingurumenaren aldeko eragile nagusi bilaka daitekeela; eta, bestetik, mikroalgek aterabide praktiko eta eraginkorrak eskaintzen dituztela erronka ekologiko handiei buru egiteko.

Baina, teknologia iraultzaile horiek bideragarriak izatea ez da lan samurra eta funtsezko zenbait erronka oraino gainditzekoak dira. Ekoizpena eskala industrialera pasatzeaz gain, mikroalgen onurak ezagutarazi eta zabaltzea beharrezkoa da, bai herritarren kontzientzia pizteko, bai enpresak alternatiba jasangarrien alde bultzatzeko. Eta, enpresa pribatuez gain, politika publikoek ere lagundu behar dute, airearen kalitatea eta ingurumenaren babesa lehenetsiz.

Mikroalgen bidea etorkizunerantz
Bromalgaek erakusten du etorkizun berdeago eta jasangarriagorako bidea teknologia berritzailea eta naturaren indarra uztartzean dagoela.
Mikroalgak ez dira irtenbide miragarria, baizik eta zientziak eta ingeniaritzak kutsadura murrizteko eta ingurumena babesteko laguntzen ahal duten aukera erreal bat.

Euskal Herritik mundura, Bromalgaeren lanak agerian uzten du itsasoko organismo ñimiño horiek eragin erraldoia izan dezaketela gure planetaren osasunean. Mikroalgen potentzialaren hazia, hein handi batean, oraino lurpean dago, eta teknologia, kontzientziazioa eta araudi egokia, hiruak ezinbestekoak izanen zaizkio zuhaitz osasuntsuaren gisan garatu eta hedatzeko.

Owantshoozi, sorkuntza ala hil!

OWANTSHOOZI

Play Video
Hitzak: Nahia Zubeldia Argazkiak: Mito & Pierre Leibar
FB
PN
X

Share 

Sorkuntza ala hil!

Juanak Parisko joskintzaren sindikatu ganberaren eskolan ikasi zuen, eta Ddidduek, aldiz, Herbeheretako Eindhoven diseinu eskolan. Elkarrekin sortu markaren izenaren bila hasi zirelarik, hiztegi osoa A-tik Z-ra iretsi eta gustuko izen bakar bat ez atzemanik, hala atera omen zitzaion Ddiddueri: “Owantshoozi!”; hots, “futxo!”, “kontxo!”. Eta harridura interjekzio hori atxiki. Ongi doakie, Owantshooziren lanak harridura eragiten baitu. Haatik, ez dute harridura besteei sentiarazteko sortzen, haiek sentitzeko baizik, harridura haurren gisan sentitzen segitzeko.

Hala, Juana eta Ddiddue, anai-arrebak baino gehiago, seme-alabak dira; begiak haurren ñirñirraz oraino beteak dituzten seme-alabak: aita kulturazalearenak eta ama modazalearenak; Urdiñarbeko tailerra duten lekuan epizeria zuen amañirenak; eta, nola ez, Xiberoarenak. Baina ez dira sekula modako mitologia folklorista horretara lerratzen. Errotik modernoak dira, eta erroetatik dira modernoak. Euskal mitologia nonahi ikusten, entzuten eta sentitzen dute, azalean josia dute, eta kauteren pertz zaharretik ur aitzindaria isurarazten dakite. Haien maskaradako kauterari bezala, euskal tradizioari azalean pop kultura tatuatzen diote.

Diddue eta Juanarentzat, ekaiak dira jaun eta jabe.

Hasteko, argi dute hierarkiarik ez dagoela ekaien artean: urreak bezainbat balio du kautxuak, zilarrak bezainbat harriak. Balioa ez baitu ekaiak egiten, ematen zaion soak baizik. Begiak eta beharriak zut, ekaien mintzoa entzuten dute.
– Zer izan nahi duzue?
– Kasketa!, kautxuzko botak.
– Zakua!, paraxuta oihalak.
– Txori-etxola!, zolako lauzak.
– Owantshoozi! Badela lana? Badugu plana.

 

Eta plana beti gauzatzen, ofiziale zintzoen gisan, orratzak eta aizturrak harturik. Haiek baitute den-dena egiten, hastetik buru, diseinutik josketara, hondakindegitik dendako apaletara. Ddiddue eta Juanak ur-lasterrak petik goiti hartzen dituzte: dena botatzen den kontsumo gizarte honetan, eskuen artetik pasatzen zaien oro berreskuratzeko prest dira, bizi berri bat emateko. Hala, kasketa bakar batean bota bat, traktore errotetako aire ganbera eta paraxuta oihala sarrarazten dakite. Halaber, RATP garraio-konpainiako zolak egiteko kautxuaz xoriendako etxolak sortu dituzte, eta ekaia gure oinpetik zerura iganarazi.

Paraxuta-oihala bezain arin
Juanak eta Ddidduek egiten duten oro ongi pentsatua dute. Baina umoreari leku hauta ematen diote; izan ere, haientzat, egiazko zintzotasuna erokeria ez galtzean datza. Ikus, adibidez, haien azken sorkuntza: lau elementuak, ura, lurra, haizea eta sua, kuxinetan bildu dituzte, oihal berreskuratuak hari josizko marrazki konplexu eta ederrez apainduz. Baina marrazki dotoreei hurbilagotik so eginez, airea puzkerra dela ageri da, eta ura, emazte baten baginako isuri joria.

Umorearen ausardia horrek are gehiago aberasten du Owantshooziren lana, irakurketa geruza bat gehituz. Anai-arreben xumetasuna ere agerian ematen du: ez dute erantzunak emateko sortzen, galdera gehiago eragiteko baizik. Eta bezeroa ez da, haientzat, hartzaile hutsa; aktoreak, eragileak nahi dituzte parean. Txori-etxolak, adibidez, puzzleak bezala sortu dituzte, norberak etxean muntatzeko gisan, ez abisarik ez kolarik gabe. Hala, sortzearen zirrararen parte bat erosleari utzi diote diseinatzaile eskuzabalek.

Apainduretatik dekorazioetara
Amañiri erran baliote, haren epizerian sortu zazpi txapeli esker, Chanelen sari bat eskuratuko zutela, “alajinkoa!” batez erantzunen zien, hain segur (hots, “owantshoozi!”-ren garai bateko sinonimoaz). Chanel ez aski, eta Hermès saria ere berenganatu zuten, edergailu arin eta finak sortuz. Nornahik ez du Frantziako goi mailako joskintzako sariak eskuraturik espantuka aritzeko parada!

Baina Juana eta Ddidduek ez zuten ahoa berotu, ez zitzaien burua hanpatu. Ez bat ez bi, lanari lotu zatzaizkion, berriz ere. Sariek ireki bideak sortzen segitzeko baliatu zituzten, Chaneleko tailer batzuekin lanean aritzeko, maxina berriak ezagutu eta berenganatzeko. Hori baita Owantshooziren lema eta eguneroko akuilua: “sorkuntza ala hil!”